URDUÑA. Konfinamendu garaia ahalik eta hoberen eramateko xedearekin, Urduñako Udalak "Etxean gaude, baina laster... kalean" izena daraman haurrentzako marrazki-lehiaketa antolatu du. Bi kategoria egongo dira: lehenengoa, 2015 eta 2018 bitartean jaiotako umeentzakoa, eta bigarrena, aldiz, 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoentzako.

Egile bakoitzak obra bat aurkeztu ahal izango du gehienez. Parte hartzeko formatua librea eta teknikak kolore-mugarik gabekoak dira, baina gaia ondorengoa da: "Etxean gaude, baina laster... kalean".

Marrazkietan "Urduñan etxean gaude" leloa agertu beharko da. Lelo hori agertzen ez bada, kartela baliogabetzat joko da eta ez da lehiaketan sartuko.

Parte-hartzaileek marrazkiaren argazki bat bidali beharko dute etxeangaude@urduna.com helbidera. Mezuaren gorputzean honako datuak adierazi behar dira: aitaren/amaren edo tutorearen izen-abizenak, adina, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa. Obrak onartzeko epea 2020ko apirilaren 10ean amaituko da, 13:30ak baino lehen.

Kategoria bakoitzeko bi sari daude. 2015 eta 2018 artean jaiotako umeentzat, lehenengo saria 4 lagunentzako bazkaria da udalerriko jatetxe batean; bigarrena, tokiko produktuen saskia, 50 euro balio duena.

2010 eta 2014 artean jaiotakoentzat, sari berdinak eskainiko dira: lehenengoa, 4 lagunentzako bazkaria udalerriko jatetxe batean eta, bigarrena, tokiko produktuen saskia (50 €).

Lehiaketa honetatik kanpo geratu ahal izango da epaimahai kalifikatzailearen iritziz genero-arrazoiengatik iraingarriak, gizakiarentzako iraingarriak, lizunak edo indarkeria susta dezaketen irudiak, besteak beste.

Epaimahaiak lehiaketako sariak hutsik uzteko eskubidea izango du eta honen erabakia apelaezina izango da. Lehiaketara aurkezteak aurreko oinarriak erabat onartzea dakar.