ARRIGORRIAGA. Gazteek euren talentua erakusteko aukera ezinhobea izango dute asteburu honetan, abenduaren 14 eta 15ean, Arrigorriagan, bertako Udaleko Gazteria sailak Gazteen Arte Azoka 2019 antolatu baitu. Azokan, erakusteaz gain, artistek euren lanak saltzeko aukera paregabea izango dute. Azokaren ordutegia honako hau izango da: larunbatean, 11.:00etatik 15:00etara goizez, eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez; igandean, aldiz, goizez bakarrik egongo da, 11:00etatik 15:00etara.

Azokaren xedea gazteen sormen artistikoaren erakusleihoa eta talentu berrientzako foroa izatea da. Gazteen proposamen berritzaileak izango dira oinarria, produkzio propioa ardatz dutenak.

Azoka irekita dagoen bitartean, hainbat jarduera egingo dira. Asteburuan zehar egin ahal izango diren tailer ugariez gain, igandean 13:00etan Aritz Berri Taldearen dantza erakustaldia izango dugu. Horrez gain, asteburu osoan zehar, Bgo akademiak antolatutako marrazki eta pintura erakusketa ikusteko aukera egongo da udalbatza aretoan.

Gabonak hurbil daudenez, eta jai giroa sortzen joateko, alde batetik, artistek eskuz egindako produktuen otzara batzuk zozketatuko dira eta, bestetik, 10 eurotik gorako erosketak eginez gero, doako taloaz gozatzeko aukera ere izango da.

Tailerren eta erakusketen egitaraua:

Larunbata 14

  • 12:00-14:00: Gabonetako orri markatzaileen tailerra
  • 12:00-14:00: Gabonetako Paper Toys tailerra
  • 18:00-19:00: Eskumuturrekoak makrame teknikaz egiteko tailerra
  • 18:00-19:30: Euskal artisten tailerra: Ibarrola
  • 18:00-19:30: Euskal artisten tailerra: Chillida

Igandea 15

  • 11:30-12:30: Harizko mandala tailerra
  • 13:00-13:45: Dantza emanaldia ? Aritz Berri Dantza talde