BILBO. “Proiektu honek, bai ibilgailuen trafikoari eta bai alde zaharraren inguruko etxebizitzetan bizi diren familiei on egingo die. Ideia errepidearen eremuan, iaz Usilako Industria-Gunean jarri ziren ezaugarri berberak dituzten LED motako 48 argi jartzea da. Ekintza honek, pixkanaka udalerri osoko eraginkortasun energetikoa hobetzeko, Udalak 2012an abian jarri zuen estrategiari erantzuten dio”, baieztatu du Ekaitz Mentxaka Ugao-Miraballesko alkateak.

LED erako lanpara berriek, egungo VSAP teknologiadun argiak ordezkatuko dituzte. Argiteria mota hau askoz eraginkorragoa eta bizitza erabilgarri handiagokoa da. Udalak kontsumitzen duen energiaren erabilera zentzuzkoago eta eraginkorrago bat (%70erainoko aurreztea) egin nahi du, CO2 isurpenak murriztuz (%50a baino gehiago) eta energia-faktura txikituz (ia 6.000 euroko aurrezpena).

Halaber, Udalak ekintza hau Ugao-Miraballesko herritarrentzat eredu izatea du helburu, beraiek ere bere etxe, enpresa eta merkataritza-saltokietan eraginkortasun energetikoko ekimenak hasi ditzaten.

Argiteria publiko eraginkorrago eta jasangarriago baten aldeko apustua

Egun 21 aginte-koadro eta guztira 750 luminaria inguru daude. 2012. urtera arte, hauetariko %97a VSAP (presio handiko sodio-lurruna) argiak ziren baina azkeneko urteotan, Udalak sustatu dituen eraginkortasun energetikoaren neurriekin, apurkaapurka LED argiengatik ordezkatzen ari dira.

Duela sei urte gutxi gorabehera, udal ugaotarrak udalerriko argiteria publikoaren berritze prozesuari ekin zion. Lehenengo ekintzak erdiguneko kale nagusienetan gauzatu ziren (Udiarraga kalea, Torre de Ugao kalea eta Herriaren Enparantza). 2018an 50 argi ordezkatu ziren Usilako Industria-Gunean.

Honela eraginkortasun energetikoaren estrategia udalerri guztitik zehar zabaltzen doa eta emaitzak egiaztatzen ari dira, bai Udalaren energia-kostuen aurrezpenean, baita berotegi-efektuko gasen isurketen murrizpen nabarian ere.