Beste behin ere, Urdaibaik dituen turismo gozagarriak presente izango dira Expovacaciones egitasmoan, Euskadiko turismo sektorea sustatzeko azoka garrantzitsuenetakoan. Hainbat dira Busturialdeak dituen eraikinak -Gaztelugatxe, Gernikako Batzarretxea edota Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center, adibidez- edota baliabide natural eta historikoak -Biosfera Erreserba, Mundakako olatua, Santimamiñeko kobak, Gernika...- eta hauek oihartzuna izango dute Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren (BEC) kokatuko den azokan. Berau zabalik izango da maiatzaren 6tik 8ra egingo da BECeko lehenengo pabiloian.

"Urdaibai presente egongo da Euskadiko eta Bilbao-Bizkaiako standetan Urremendi Busturialdeko Landa Garapenen Elkartearen eskutik", jakinarazi dute eskualdeko erakundetik. Ohi legez, euskal turismoaren erakusgarri izaten jarraituko du. Nazioarteko azoka honek bere egitura tradizionala berreskuratuta, "Urdaibaik Lea Artibai eta Uribe eskualdeekin partekatuko du standa, eta azoka turistikoan aurkitu daitekeen erakusleihorik nabarmenetakoa izaten da". Gainera, azoka honek 184 erakusle izango ditu guztira. "Beste behin ere, Urdaibai naturgune izugarri eta eder gisa aurkeztuko da, non harmonian bizi diren natura, ondarea, kultura, gastronomia, bertako herriak eta jendea, mota guztietako publikoarentzat oso erakargarria den aukera sorta zabala eskainiko du", nabarmendu dute.

Turismoa berreskuratzen doa pausoz pauso -azken Astu Santua honen adibide da-, pandemiaren eraginak alde batera utzita. Eta eskualdean turismoaren erakargarri izan ohi diren eraikinez gain -museoak tartean-, "Mundaka, Elantxobe, Ea, Gernika-Lumo edota Bermeo bezalako herriak" ere izango dira Expovacaciones bisitatzen dutenentzat interesa pizteko, "bereziki xendazaletasuna nabarmenduz". Izan ere, "Urdaibaik ibilbide txiki eta desberdinen eskaintza zabala du", nahiz eta ez lur eremu oso handia izan -22.000 hektareako lurzorua hartzen du 1984. urtean izendatua izan zen Biosfera Erreserbak-. Eta ibilbide horien artean, kostaldeko edota barnealdeko inguruneak zeharkazten duen hainbat bide ditu prest eta erabilgarri, "horien artean GR38, ardoaren eta arrainaren ibilbidea, eskualdea helmuga erakargarri bihurtuz mendi-ibilien eta ekoturismoaren zaleentzat".

Ohiko egoera

Eskualdearen garapenaren alde lan egiten duen Urremenditik gaineratu dutenez, "pandemia zela eta, 2020an ezin izan zen azoka egin, eta 2021ean, salbuespen gisa, urrian antolatu zen, nahitaezko maskararekin. Bestetik, Expovacaciones ohiko datara itzuli da, "eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea". Azoka bihar hasiko da eta larunbatean eta igandean jarraitu. Goizeko 10:30etan irekiko ditu ateak eta 20:00ak arte egongo da zabalik. Igandean, bestetik, ordutegia 10:30etatik 19:00etara izango dela aurreratu dute.