UEMAk egindako deialdiarekin bat eginez, Lea-Artibaiko hainbat udalerrik errenta aitorpena euskaraz egiteko deia luzatu dute. Eta baita horretarako inguruan diren eta aholkularitzan dihaduten enpresekin akordioa sinatu ere. Ondarroako, Lekeitioko, Markina-Xemeineko udaletako arduradunek, Zunbeltz Bedialauneta, Koldo Goitia eta Luis Egurrola alkateek sinatu dute.

“Pandemia aurreko urteetan euskaraz egindako errenta aitorpenen kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Herritarrek administrazioarekin izaten dituzten harremanak euskaraz izatea da helburua, tartean, errenta aitorpena egiterakoan”, nabarmendu dute Ondarroako Udaleko ordezkariek. 2019an errenta aitorpenen %47,4 egin ziren euskaraz Ondarroan. “2020an, ostera, telematikoki egin behar izan ziren aitorpenak pandemia zela eta, eta horrek %8,2ra jaitsi zuen tasa. Aurten, pandemia aurreko zenbakietara berriro hurbiltzea da helburua”, azaldu dutenaren arabera. Herri-administrazioak emandako datuen arabera, egin ziren 4.695 aitopenetatik, 4.311 osatu ziren gazteleraz eta 384 euskeraz.

Errotuloak euskaraz

Bestalde, Bermeoko Udalak herriko merkataritza establezimenduetan errotuluak euskaraz ipintzeko diru-laguntza argitaratu du. “Izan ere, laguntza honen helburuak dira merkataritza eta enpresa arloan euskararen erabilera sustatzea eta establezimenduetako identifikazio-ikurrak euskaraz jar daitezen laguntzea, udalerriko hizkuntza paisaia euskaratuago egon dadin”. Horretarako, 300 eurora arteko diru-laguntzak emango dituela jakinarazi dute. Horretarako hiru bide emango dituzte: : 94 617 9122 telefonoan, euskera@bermeo.eus helbide elektronikoan edota www.bermeo-euskaraz.eus/diru-laguntzak.