"Ia 37 urteko etengabeko jardueraren ostean", Bermeoko ahotsa betirako eten egingo da. 1985 urteko ekainetik milaka eta milaka istorio kontatu ostean eta gertueneko informazio lokala jorratu ostean, udalerriko irrati kutun izan ostean, agur esango dio bere jardunari. Herriak bere lehen Ibilaldia ospatu zuen momentuan martxan jarritako egitasmoak, 1985eko ekainean egin zituen bere lehen emisioak, bere ahotsa ixilduko du betiko. Itsuki irratiak emisioa behin betiko etengo du astearte honetan, otsailaren 1ean, "proiektu bideragarri batekin jarraitzeko ezintasunagatik". Tokian tokiko kazetaritza-proiektuek gaur egun jasaten duten krisiaren azken biktima da Itsuki.

Bermeoko irratiak hainbat urte daramatza "galerak pilatzen". Ahal izan duten moduan egin diote izkin krisi ekonomikoari. Baina egiera txartuta, honen aurrean betiko ixtea erabaki dute bere arduradunek. Egoera ekonomikoak ederki kolpatu du egitasmoa Itsuki irratia. "Zoritxarrez, gastuak handi-tzen ari dira, azken urteotan diru-sarrerak etengabe murrizten ari diren bitartean, batez ere publizitatearen aldetik". Eta jasotako aupada, askotan herritarren eskuetatik jaso izan duena -2021. urtean martxan jarri zuten kanpaina berezia euren entzuleen artean, diru sarrera gehiago bermatzeko helburua begitartean izanda- , ez da kapaz izan bere biziraupena bermatzeko. Agur esatea ezinbestekoa da. "Arazo honek ekipamendu teknikoa mantentzeko eta inbertsioak egiteko, berritzeko eta modernizatzeko ezintasuna ekarri ditu", jakinarazi duenez, "baita nominak kobratzeko atzerapen handiak ere, eta horrek, aldi berean, irratiko zuzendaritza eta langileen motibazio falta eragin du". Hala azaldu dute bere gaur eguneko arduradunek.

Egonkortasun ekonomikoa

Irratia gidatzen zuen enpresaren "diru-sarrerarik handiena Udalak urteko diru-laguntza moduan ematen du -iazkoan 20.000 eurokoa izan zen administrazioetik jasotako laguntza-", nabarmendu dute. Eta bigarren partidarik garrantzitsuena emititen den publizitatetik dator, "eta bazkideen ekarpenak eta loteriaren salmentaren laguntzek diru-sarreren kapitulua osatzen dute". Azken urteotan diru sarrera modalitate honetatik jasotako irabaziak handitzen saiatu dira, egin dituzten kanpaina ezberdinak medio. Eta jaso dute bermeotarren sostengua, nahiz eta ez den nahikoa izan. "Baina hori guztia ez da nahikoa egonkortasun ekonomikoa bermatzeko administrazio publikoaren edo kapital pribatuaren inbertsio handirik gabe". Egoera honek Itsukiko arduradunak irratia behin betiko ixteko erabaki "zorrotz eta tristea hartzera" eraman ditu, "egoera ekonomiko larriari irtenbiderik aurkitzeko gai izan ezdirelarik".

Eskerrak entzuleei

Historia luzeko irratia da Itsuki, ahots asko osatutakoa. Alkateek euren ahotsa izan dute, alderdi politikoek ere. Baita herriko mota askotako taldeek. Eta, nola ez, bermeotarrek ere beti izan dute presente Itsuki irratiko uhinak bertan zirela. Izan ere, hainbat pertsonairen parte-hartzea izan du, baita hainbat profesional izanik bere langileren partetik ere. Askok, euren lehen aukera izan dute irratian, gerora beste enpresa batzuetara salto egin ahal izateko edota ogibide moduan. Azkenak Ibon Etxebarria eta Maitane Basterretxea izan dira. 1985eko ekainaren 2an jaio eta hasi zen emititzen, "urte hartan herrian ospatu zen Ibilaldiarekin bat eginez". Esperiantzia handiko momentua, orduantze jaio zen Itsuki, indar biziz eta gogo handiz. "Historia luze honetan, herriko irratiak bere uhinen eta interneten bidez entzule askoinformatu eta entretenitu ditu egunero", diotenez. Egunerokotasunak, hala ere, eta batez ere gaur eguneko komunikazio-enpresen krisiak ederki kolpatu ditu irratiaren zimenduak. Egoera ekonomiko onenean ez zeudela jakinda, finantziazo-bide berrien bila hasi zen irratia. Eta orain urte batzuk sostengua emateko lehen abisua eman zuen.

Kanpaina berezia jarri zuen martxan Itsukik, "beraien entzuleei ekonomikoki laguntza eskatu eta irratiak bizirik iraun dezan diru estra hau bildu ahal izateko". Hala egin zuen iraganean eta 110 bazkide lortu zituzten, irratiaren biziraupena bermatzeko erantzun oso positiboa lortuz. Hala azaldu zuten orduantxe. "Diru sarrera horiek ezinbestekoak izan dira, esaterako, behar bezalako webgunea sortu eta horri esker internetez emititu ahal izateko, batez ere Bermeotik kanpo bizi edo lan egiten duten bermeotarrek seinalea zuzenean entzunteko aukera izan dezaten". Edozein pertsona, denda, enpresa, elkarte kultural, kirol talde, erakunde edo alderdi politikoren laguntza bila izan ziren.

Azkenik, irratiko arduradunek "bere entzuleria zabalari eskertu nahi diote ibilbide luze honetan zehar emandako laguntza, estimu eta leialtasunagatik". Gaineratu dutenaren arabera, irratiaren "helburu nagusia beti izan da Bermeoren alde lan egitea, baliabide ekonomiko, tekniko eta giza baliabide gabezia, urte hauetan guztietan irratitik pasatu diren kide guztien ilusio dosi handiz konpontzen ahalegindu" direlarik. Gabeziari aurpegia emanez, beti aurrera egin dute. Itsuki irratiak bihar esango ditu bere azken emisioak, 37 urtetan bermeotarren bizitzaren parte izan ostean.

"Gastuak handitzen ari dira, diru-sarrerak etengabe murrizten ari diren bitartean"

Gaur egungo arduradunak