Gernika-Lumok Gabonetako kabalgatak bertan behera uztea erabaki du. Azkenean, Udalak Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoen desfileak bertan behera uztea erabaki du covid-19ak eragindako egoera dela eta. Udal gobernutik adierazi duten bezala, “Gernika-Lumoko Udalak dagoeneko hartu du erabakia: aurten ez da egongo Olentzero, ezta Erregerik ere”. Ohiko kabalgatak kentzea erabaki da “birusaren transmisioa ez areagotzeko”.

Foru-hiribilduak bat egiten du LABI batzorde tekniko-zientifikoak emandako gomendioekin; izan ere, pandemiaren aurretik ohikoak ziren ekitaldien modukoak saihestea aholkatu du, covid-19 birusaren transmisioa areagotzeko arriskua baitago, eta horrek osasun-sisteman eta pertsonen osasunean ezagunak diren ondorioak dakartzalako.

Jokin Garatea Kulturako zinegotziak azpimarratu duenez, aurtengo egoera “oso konplikatua da eta pandemiaren bilakaera aztertuta, herritarren segurtasuna bermatzeko erabakiak hartu behar dira”. “Hori egiten ari gara osasun-agintarien gomendioekin bat etorrita, zuhur- tziaz eta erantzukizunez jokatu behar dugu.”

Pena handiz bada ere, eta batez ere txikienei egiten dien ilusioagatik, uste izan da egokiena LABIren gomendioei kasu egitea dela, birusa nahiko kontrolik gabe dagoen garaian osasun publikoa zaintzeko, eta, beraz, zentzuzkoena urtero hainbeste pertsona biltzen dituzten ekintza horiek bertan behera uztea dela erabaki da. Beraz, datorren urtearen zain, haurrek pentsatu beharko dute Olentzero eta Mari Domingi, baita Errege Magoak ere, euren etxeak bisitatuko dituztela opariak uzteko.

Izan ere, gabon ezberdinak izango dira berriro, baina ez da ilusioa galdu behar, Olentzerok eta Mari Domingik ahalegin guztiak egingo baitituzte Euskal Herri osoak eskaintzen dien maitasuna itzultzeko.