Udal foro berezia izan dute aste honetan Bermeoko Udaleko ordezkariek. Izan ere, herriko ikastetxeetako (San Frantzisko Herri Ikastetxea, Ignacio Arozena-Benito Barrueta B.H.I., Sagrado Corazón Ikastetxea eta Eleizalde Ikastola) zenbait ikaslerekin elkartu dira hainbat gaiez hitz egiteko. Ekintza hau Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan garatu dela jakinarazi dute.

Ikasleek Eskola Agenda 2030 proiektuaren barruan hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar. Horietako bat da, besteak beste, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren barruan dauden helburuak lantzea. "Lanketa horren barruan, ekintza interesgarri bat egin dute: gazteek normalean erabiltzen dituzten Bermeoko hainbat guneren diagnostikoa burutu eta, egoera ikusitakoan, euren eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren definitu", adierazi dute Bermeoko Udaletik.

Lanketa horren emaitza bideo baten bidez aurkeztu diete Udal ordezkari eta teknikariei. Eta bideoan hainbat parke eta gune agertzen dira eta egungo egoera zein den aztertu dute. Ikasleek "gune hauek behar bezala eta garbi egotea" konpromisoa hartu dute.