Hasierako pausoa emango du Muruetako Udalak, udalerriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzeko. Eta horretarako, azaroaren 23an, datorren asteartean, herritarrei HAPO zer den azaltzeko aurkezpena egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bilera herritarra arratsaldeko 17:30ean ospatuko dela jakinarazi dute.

HAPO zer den, zertarako balio duen, zeinek idazten duen eta zelan parte hartu daitekeen azalduko dute antolatutako hitzorduan. Julen Karrion alkateak adierazi duenez, “dokumento estrategiko honek, udal-kudeaketarekin batera, etorkizuneko Murueta” marraztea dakar. Indarrean diren 1998ko arau subsidiarioak aldatzeko proposamena egin dute. Baina lehendabizi, hirigintza-antolamendurako proiektua garatzeko, herritarrentzako parte hartze programa zehaztu da, zenbait hitzordu garrantzitsu izango dituena.

Besteak beste, hainbat partaidetza-foro planteatzen dira HAPOren garapenean, datozen urteotan zehaztu beharko den hirigintzarako estrategian. Bada, erakundeen foroa osatuko da, Udalbatzak eta herriko bestelako talde politikoek osatutakoa; foro teknikoa izango da, udal- zerbitzu teknikoak direlarik buru, udalaz gaindiko beste zerbitzu tekniko batzuek edo azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresetako zerbitzu teknikoekin batera. Hirugarrenez, herriko elkarte eta jardueren foroa posatuo da, “izaera zibil eta sozialekoa; eta herritarrek oro har osatutako herritarren-foro bat”.

Informazioa

Gainera, hainbat mekanismo ere izango dira informazioa zabaltzeko, hala nola HAPOri buruzko informazioa sare sozialetan argitaratzea, prozesuari buruzko dokumentazioa udalaren webgunean deskargatzeko aukera eskaintzea, triptiko/dibulgazioko liburuxkan informazioa, bilerak, hitzaldi-solasaldiak, ebaluazio tailerrak, hitzaldi irekiak edo aldez aurretiko hitzorduak.