Portuan dago, geldi, berriz noiz itsasoratzeko esperoan. Aspaldi hainbat itsasotan barrena aritu zen Ortube, antxoa arrantzan eta karnata biziko tunidoen arrantzan; eta urte batzuk beranduxeago Madalena eguneko ontzi moduan, Elantxobera edota Mundakara udal-agintariak eramanez eta Bermeora ekarriz. Tankera handiko ontzia da, zurez egindakoa: luzera 36 metrokoa du; perpendikularren artekoa ia 30 metrokoa; erruna 7,60 metrokoa eta puntala 3,79 metrokoa. 1979an hasi zen bere jardunean eta bere lehen tripulazioa 15 pertsonakoa zen. Atzo, ostera, bisitaldirako gune izan zen ontzia goiz osoan zehar. Izan ere, burubelarri ari dira Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko boluntarioak errekuperazio lanetan. Eta atzo bisita gidatuak antolatu zituzten, Ortube itsasontziko barrenak ezagutarazteko, eta egiten duten lana ere bistaratzeko. Helburu nagusi bat dute: “Ortube berriz itsasoan ikustea, nabigatzen”. Baina egun hori heltzen den bitartean, Bermeoko itsas-ondarearen erakusgarri den ontzia zain-tzen dute, “urgentzietako medikuak” bailiran. Eurek dira ontziaren zain-tzaileak. Eta egiten duten lanak ikusgarritasuna izatea nahi dute.

“Arrakastatsua” izan zen jardunaldia. Hala azaltzen du Jesus Urkidik. Bermeotarra, beste boluntario ba-tzuekin batera, hara eta hona aritu zen bisitariak artatzen. “Egia esan goizean nahiko trankil ibili gara”. 10.00etatik aurrera hasi ziren bisitariak hartzen eta erritmoak goraka egin zuen orduak pasa ahala. “11.00etatik aurrera hasi dira pertsona gehiago etortzen”, zioen Urkidik. Eguerdi parterako gero eta gehiago izan ziren Ortube ontzira hurreratu zirenak. “Pozez” hartu zuen Ortube Ontziaren Lagun Elkartekoak “jendearen erantzuna”. “Ikusten da jendeak interesa baduela, batez ere bermeotarrak. Eta jendea inplikatu nahi dugu, ezagutu dezatela itsas-ondarearen erakusgarri bat badugula Bermeon. Bermeon -Jesus eta Julio Muruaga anaiek eta Angel Gorriñok osatutako Bermeoko Muruaga ontziolan eraiki zen kaskoa, eta motorra udalerrik Echevarria enpresan egindakoa; Echevarria - Burmeister bat da, bi denborakoa, motela, zazpi zilindro eta 700CV-ko potentzia duen- egindakoa da, gainera. Eta guk gurea ez badugun zaintzen, norka egingo du?”, galdetzen zion bere buruari Urkidik. Bermeotarrez gain, udalaz gaindiko bisitariak ere igo ziren itsaontzira, bere barrenak arakatzeko.

Bisita gidatuei dagokienez, ontziko hainbat gune ikusteko aukera eman zuten. Goitik behera eta behetik goa, Ortube itsasontziaren kanpokaldea zein “tripak” ikusteko aukera izan zen. Lehendabizi, kampokaldetik, kaskotik. Eta gero, eskailera bat igota, barrura sartzeko aukera izan zen: rantxoa, arrain bodegak, motorea, agintaritza-zubia, arran-tzaleen etzalekuak... Eta guzti hori elkarteko arduradunen esplikazioz apaindua, gainera. Horrela, Bermeoko arrantzale haiek nola egiten zuten lo, nola jaten zuten edota garbitzen ziren jakinarazi zuten, bertatik bertara. “Saiatu gara horrelako kontuak ere ezagutarazten, bisitariek ikusi dezaten zer lan-baldintza zituzten itsasoan aritzen zirenek.

Euskal Herrian egurrez eraikitako arrantza-ontzi tradizionaletako bat da Ortube, “Bermeon gertu zen azken aurrekoa”. Eta elkarteak “berau salbatzea” du begitartean. Saiakerak eginak dira berau berriz itsasoan ikusteko, “baina ez dute lortu”. Horretarako erakude publikoen laguntza “ezinbestekotzat” jo dute. Egun, Bermeoko Udalaren jabego-tzapekoa da itsasontzia, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak jaso ditu, noizbehinka. “Baina laguntza gehiago lortzea berebizikoa da bere errekuperaziorako. Eta horretara bideratzen ditugu gure esfortzuak”.

2016an hasi zien boluntarioek Ortube atontzen. “Denbora librean ahal dugunean, guztiok baititugu familiak, zereginak edo lana. Lan egiteko asteburuetan batzen gara”, dio Urkidik. Elkartekoen esanetan, 8.000 ordu edo egin dituzte hainbat konponketa egiten, nahiz eta ezin diren begi bistaz ikusi. Horretarako ontziaren barnekaldera sartzen ezinbestekoa da. “Argi eta garbi diogu: Bermeoko itsas-ondarearen altxorra da Ortube. Eta denon inplikazioa, bai erakunde publikoena eta baita herritarrena, behar dugu berriz itsasoan ikusi ahal izateko. Guk ez dugu etsiko, indarrak dirauten bitartean”. Ontzi zahar bati erabilera berria emateko adibideak izan badira, adibidez Mater Ekomuseoa. Eta mota horretako proiektu bat beharrezkoa izango zela uste dute elkartekoak, “Ortube salbatzeko”. Bitartean, boluntarioak euren jardunean jarraituk dute. “Larrialdietako medikuen antzera”, boluntarioek diotenez, “gaixorik den itsasuntzi baten errekuperazioan” amesten dute.