Zirriborroa baino ez da oraindik, EH Bildu eta Guzan plataformaren ekarpenak jasoko dituena. Baina Bermeoko Udaleko gobernuak 2022 urterako bere lehentasunak ezagutarazi ditu, baita datorren urterako zein diru-kopuru maneiatuko duen: 23,9 milioi euroko aurrekontu proposamena egin dute, iazkoa baino %0,5 handiagoa. Egingo diren kontu nagusienen artean hiru nabarmendu dituzte: nagusi eta beharrizan gehien duten pertsonei zuzenduriko zerbitzuetara bideraturiko errekurtsoetan %4,9ko igoera aurreikusten da, kultura eta aisialdi ekimenak sustatzekoetan %22koa eta Bermeoko sektore ekonomikoak dinamizatu eta berraktibatzekoetan %8,4koa. Inbertsioei dagokienez Lamerako lurzorua konpontzea eta komun publikoak jartzea, San Martin inguruan aire zabaleko kirolgunea ezartzea edota Alde Zaharreko zenbait orubetan muralak margotzea azaltzen dira.

Legegintzaldi hasieran helburu estrategikoak finkatu zituen Udal gobernuak, eta azken aste hauetan egindako parte hartze prozesuak ezarritakoak ere kontutan hartu dituzte lehentasunak zehazterako orduan. “Oso gustura gaude egindako proposamenarekin. Ez da erraza izan. Lanketa sakon baten ondorioz egindako aurrekontua da aurten proposatzen duguna. Aurreko urteetakoak bezala, gure hiru helburu estrategikoen arabera egin da: bermeotarren bizi kalitatea hobetzea, aberastasuna eta jarduera ekonomikoa handitzea eta itsas-nortasuna eta kudeaketa estilo propioa sustatzea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Eta ekintza nagusiei dagokienez, datorren urtean aurrera eramatea espero ditzutenak, garbitasun eta mantenu lanak dira garrantzizko. Besteak beste, heri guneko hainbat gune asfaltatuko dira, baita bermeotarren beste eskakizunetako bati ekingo diote ere. Zehazki, “zarata gutxiago ateratzen duten kale-garbiketetarako makina berriak erosiko dira”, diotenaren arabera.

Aisialdirako kontuei dagozkienez, San Martineko kirolguneaz gain, herri eskoletako patioak -San Frantzisko Herri Eskola eta Benito Barrueta- herritarren aisialdirako prestatuko dira; Bekoportale, Gazteleku eta Ludeoteka zerbitzuak indartu; umeen jolasguneak konpondu eta Aritzatxun udako liburuetagia kokatuko da. Gizarte zerbitzuen harira adineko pertsonen laguntza eta jarraipenerako programak jarriko dira martxan, adikzioen plana osatzeaz gain. Eta azkenik, Alde Zaharra txukuntzeko muralak ezarriko dira, baita Gaztelugatxerako bisita gidatuak antolatu, autobus zerbitzua ezarriz. Azkenik, 2022an webgune berria martxan jarriko dute.

Zirriborroa da Bermeoko Udalak atzokoan aurkeztutakoa, hala ere. Aurrekontu proposamena “gainontzeko udal taldeei aurkeztu” diela jakimnarazi du Abaroa alkateak, eurek egindako “ekarpenak jaso, aztertu eta bidergarri diren heinean txertatzeko”. Hori horrela, datozen egunetan beste talde politikoen ekarpenak aztertuko dituzte behin betiko aurrekontu proiektua dagokion osoko bilkurara aurkeztu aurretik. “Aurreko urteetan bezala, adostasun zabalena bilatzea da Udal Gobernu honen gogoa, beti ere, aurrekontua osatze aldera”.