Beste behin ere, Busturialdeak gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko bultzada egingo du. Izan ere Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Busturialdeko zortzigarren Enpresa Ideia Lehiaketa abian jarri dute. Gazteen negozio-ideiei irteera emateaz gain, lehiaketak enplegua sortzeko proposamena egiten du. Hala, azken urteetan ia "140 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira".

Lana bilatzea, Lana da izenburupeko programaren baitan, lehiaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta edizio berri honek gazteen "ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera" eskaintzen du. Eta urtero egiten duten legez, sari potoloak ematen diete irabazleei. Aurtengoan, hala ere, kategoria berri bat antolatu dute: Turismo Jasangarriaren Europako Gutunaren esparruan, iraunkortasunaren ikuspegitik turismoaren garapena sustatzera bideratutako enpresa-ideia onena ere sarituko da. Anolatzaileen arabera, "deia irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu". Gainera, "lehen eta bigarren sarituei, urtebetez doako usufruktuan lan egiteko lanpostu bat itziko zaie Arratzu Elkartegia Langunean". Baita aholkularitza jaso-tzeko aukera ere, debalde.

Helburuak

Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak argiak dira: "Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak gara-tze aldera; eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta Busturialdeko ekonomiaren garapena bultzatzea" dira, zehazki. Eta aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal dute, "betiere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Zerbitzu edo produktu bat sortzeko ideiak edota 2021. urtean sortutako negozioak/enpresak izan daitezke, baina derrigorrez Busturialdean egon beharko dira, eta sustatzaileak/ek arestian adierazitako adin-betekizuna bete beharko du(te)", diotenez.

Sari-emate ekitaldia abenduan zehar ospatuko dela gaineratu dute, baina enpresa-ideien lehian sartu nahi dutenek azaroaren 19ko 14:00ak arte izango dute euren proposamenak aurkezteko epea.

Enpresa Ideien Lehiaketa

18 eta 35 urte

Arteko gazteak. Busturialdeko VIII. Enpresa Ideien Lehiaketara 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal dute, "betiere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada".

Helburu

Nagusiak. Antolatzaileen arabera, "Busturialdean kultura ekintzailea sustatzea, komertzialki bideragarriak diren zerbitzu eta produktuak gara-tze aldera; eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomiaren garapena bultzatzea" dira helburu nagusiak.

Lehiaketako

irizpideak. "Ideiaren originaltasuna eta berrikuntza maila; talde edo norbanako ekintzaileak proiektua gara-tzeko dituen gaitasunak; enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea; negozioaren potentziala, garapen maila eta Busturialdean gauzatzeko bideragarritasun teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa eta eskura dauden baliabideen aprobetxamendua, jasangarritasuna eta proiektuaren gizarte-erantzukizuna" izango dira epaimahikideen irizpideak.