- Gaurtik aurrera ondarroarek erabilgarri izango dute udalerriaren ikur nagusienetakotzat jotzen dena: Plaiko Zubia edo zubi birakaria, monumentu kategoriako Kultura Ondasun gisa katalogatutakoa. Birgaitze lanetaz arduratu den Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak azken ikutuak egiteari amaitu ostean, "zubia herritarren eskura dago berriz ere itsasadarraren ertz batetik bestera gurutzatzeko".

Aldundiko bozermaileen hitzetan, "Zubiaren funtzionaltasuna lehengoratzeko 1.296.530 euro inbertitu" dituzte. "Lan horiek 2019ko ekainean hasi ziren eta zubiaren elementu guztietan egin dira: metalezko bi egitura mugikorretan, horiek biratzeko bi mekanismoetan eta bi zutabeetan". Era berean, "segurtasuna indartzeko pasabideko zurezko zoruak finkatu eta berritu dira, tratamendu ez-labaingarri batekin, eta barandek aurretik ez zeukaten sare antieskalagarri bat dute. Jarduketa osatzeko zubiak Ondarroako itsasadarraren bi ertzetako kaietan dituen ainguratze-tokiak urbanizatu dira".

Berezia da oso Ondarroako zubi birakaria. Gorka Estebezek, Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak, azpimarratutakoaren arabera, "Ondarroako zubia elementu bakarra da munduan, duela 94 urte eraikia eta Kultur Ondasun gisa katalogatuta dago monumentu kategoriarekin. Hori dela eta birgaitze-prozesua oso zehatz egin da eta korrosioaren ondorioz narriadura handia zuten eta, beraz, lehengoratu ezin ziren piezak, artisau-teknikekin erreproduzitu dira". Eta urtero egin beharreko mantentze-lanei buruzko azalpenak eskaini ditu. "Planaren helburua zubia egoera onean mantentzea da eta urtean 45.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dio Aldundiari aldizkako manten-tze-lana horiek egiteko. Ohikoena zubia irekitzea eta ixtea izango da", Diotenez, "jarduketa hori hamabost egunean behin egingo da eragingailu- eta errodadura-sistemak ikuskatzeko eta koipeztatzeko; izan ere, horiek osatzen dituzten piezak dira higadura eta giro gaziaren emaitzako korrosioa pairatzeko arrisku handiena dutenak".

Era berean Bizkaiko Aldundiak zubiaren egituraren berrikuspen orokorra egingo du urtero, "eta hiru urtean behin urpekariak erabiliz zutabeak ikuskatuko ditu, egiaztapen topografikoa egingo du eta ainguratze-tokiak berrikusiko ditu". Azkenik, metalezko egitura korrosiotik babesten duen pinturari dagokionez, "mantentze-planak barandak bost urtean behin birpintatzea eta egitura osoa "hamabostetik behin" birpinta-tzea aurreikusten du.

Luzea izan da zubi birakariaren berreskuratzea. Izan ere, 1927an eraikitako azpiegituraren egitura metalikoa zahaberritzeari ekin zioten. 2019ko ekainian desmuntatu zuten, eta berreskuratu ezin izan diren piezak "artisau teknika eta prozedurak erabiliz erreplikatu dira". Bestetik, biratzeko mekanismoak ere konpondu behar izan dira. Eta, bestetik, zubi historikoaren oinarriak birkokatu eta asentatu behar izan da. Azkenik, mikropiloteen bidez arrokazko hondora finkatu dira," beste desplazamendurik edo balantzarik ez egiteko, eta pasabidearen kargak arroka substratura transmititzeko. 2020ko azaroan hasi ziren lan horiek, eta iragan maiatzean amaitu".