Kostaldea

Gurasoak euskara ikastera animatzen ditu Bermeoko Udalak

07.09.2021 | 19:13

Urtero bezala, udalerriko guraso eta etorkinak euskara ikastera animatzen ditu aurten ere bai Bermeoko Udalak. Hala, irailaren 30era arte izena eman ahal izango dute AEK zein Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan.

Hala eman dute jakitera gaur goizean Bermeoko Euskera zinegotzi Kepa Zumetak, Euskara Saileko teknikari Maite Zaratek, AEK euskaltegiko irakasle Marimar Hernandez-ek, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasle Nahia Martinez Iturbek eta Hizkuntza Eskolako irakasle Ibon Iturbek. Noski, ikastaro guztiak indarrean dauden osasun eta segurtasun guztiak beteko dituzte.

Familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea da ikastaroen helburua. Helburu hauek lortzeko, AEK euskaltegiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean oso emaitza onak lortuz. Ikastaroek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute.

Gaur goizean aurkeztu den bigarren euskara ikastaroa etorkinei zuzendutakoa izan da. Ikastaro hau Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua da eta bere helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, integrazio errazago bat izan dezaten. Honek ere 120 orduko iraupena izango du baina merkeagoa izango da. Izan ere, 10 euroko prezioa izango du, ikas-materiala kontutan hartu gabe. Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-k garatutako 'Aisa' metodologiaren bitartez.

Euskaltegi biek adierazi dutenez, bi ikastaroek emaitza oso onak izan dituzte aurreko urteetan. Hori da ikasleek adierazten dietena. Ikastaro hauetan izena emateko epea zabalik dago irailaren 30era arte.

Matrikula Udalaren Berhaz bulegoan egin behar da, ordutegi honen arabera: astelehen, eguazten eta barikuetan, 8:00-15:00 eta martitzen eta eguenetan 8:00-14:00 eta arratsaldez 16:00-18:00.

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen diru laguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek, izan ere, HABEk, Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula-gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten.

ABIAN DA MATRIKULAZIO KANPAINA

Gaur goizean parte hartu duten eta euskara ikastaroak eskaintzen dituzten hiru zentroek (Hizkuntza Eskola, AEK eta Gotzon Garitaonaindiak), 2021-2022 ikasturterako matrikulazio kanpainaren berri ere eman dute. Hiruen eskaintza oso zabala da eta ordutegiari dagokionez ere, aukera zabala dago.

noticias de deia