Koronabirusaren pandemiak egoera benetan zaila eragin du, gizartean guztiz normalak ziren ohiturak baztertzera behartzera arte. Horren ondorioz, erakundeak martxan jarri behar izan ziren erabat ezezaguna zen egoerari aurre egiteko. Orain, urte bat baino gehiago pasatu denean, kudeaketa horren balantzea egiteko garaia da. Bada, Bermeoko biztanleek nota ona jarri diote pandemia garaian Kirol Patronatuak udal kiroldegietan egindako kudeaketari.

Besteak beste, garbitasunaz, segurtasunaz, bulego birtualaz, kirol-guneetan hartutako neurriez, seinaleztapen-sistemaz eta pandemia eta jarduera fisikoaren arteko erlazioari buruz galdetu zaie erabiltzaileei eta egin duten balorazio orokorra azpimarragarri ona izan da. Inkestan 204 galdeketa burutu dira, lurreko erabiltzaile, uretako erabiltzaile eta gune biak erabiltzen dituztenetan banatuta. Adin eta genero desberdinetako galdekatuek, pandemia garaian jarduera fisikoa egitearen garrantzia eta instalazioen garbitasuna nabarmendu dute orokorrean.

Horrez gain, begi onez ere baloratu dituzte kirol-guneetan hartutako neurriak, erabilitako seinaleztapen-sistema, sarrera-irteeren kontrola, izena emateko modua (erreserbak egiteko batez ere) eta bulego birtualaren erabilera. Erabiltzaile gazteenen (16 urtetik behera) gogobetetze maila izan da altuena uretako instalazioei dagokionez eta 60 urtetik gorako erabiltzaileak baloratu dituzte hobekien lurreko instalazioak. 16 eta 59 urte bitarteko erabiltzaileek bi guneak balioetsi dituzte modu egokian, batezbestekoaren gainetik beti ere. Ondorio gisa, kiroldegiko erabiltzaileek nahikotzat jo dute eta pozik gelditu dira Patronatuak pandemia garaian hartu dituen erabakiekin.