Iazkoan ezin izan zen burutu, osasun-egoerak baldintzatuta. Baina aurtengo udan indarberrituta dator Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Eguileor organo jaialdia, 11 emanaldi eta Busturialdeko zazpi herritako elizak lotuko dituena uztailaren 17tik abuztuaren 15era arte. Eskualdean udan egiten den hitzordurik garrantzitsuenetakoa, ekimenak ohiko kalitatea izango du, nazioarte mailako edota eta Euskal Herriko musikari eta kantariei aukera emanez. Eta arrakasta izanez: 2.000 pertsona batu ziren azken ekitaldian.

Muruetan izango den emanaldia izango da aurtengo nobedade nagusia. Abuztuaren 14ean izango da, Gure Andrearen Jaiotzaren parrokian, Olatz Saitua bilbotarrak eta Benantzi Bilbao mundakarrak eskainiko duten kontzertuan. Azkenaurreko emanaldia izango da, azkena Mundakako Andra Mariaren elizan izango baita -00:00etan, abuztiaren 15ean-, Javier Artigasen eskutik. Aurretik, zikloak beste bederatzi hitzordu ditu: Iñigo de Peque uztailaren 17an izango da, Lumoko San Pedro elizan; Stefano Pellini Mundakan izango da, uztailaren 24an; Ana Belen Garcia Gernika-Lumon -Mertzedarien elizan- uztailaren 25ean; eta Jose Luis Echechipiak Busturiko Andra Marin joko du, uztailaren 26an. Hiru egun beranduago, uztailaren 29an, jaialdia Bermeora joango da, San Frantzizko elizara. Bertan izango dira Antonio Mura eta Ugo Spanu italiarrak. Ostean Atsuko Takanok emanaldia izango du uztailaren 31n, Gernikako Andra Mari elizan; Carmina Sanchez, Victor Cruz eta Pablo Marquez hirukoteak Arratzun joko du -abuztuaren 1ean-; Pedro Estevanek eta Benantzi Bilbaok Busturiko Andra Marin abuztuaren 7an; eta Angel Monteroren txanda abuztuaren 8an izango da, Ibarrangeluko San Andres elizan.Lumoko organoa, eraberrituta Musikazaleak batzeaz gain, jaialdiak baditu beste zenbait helburu. Hauetako bat eskualdeko organoak berreskuratzea da, elizetako ondarea biziberrituz. Azken urteetan lan horretan aritu dira burubelarri antolatzaileak. Adibidez, azkenean egin ez zen iazko edizioan Lumoko San Pedro elizako organoa aurkeztea zen helburua, nahiz eta azkenean nahi baino gehiago itxaron beharra izan den. Eguna heldu da, hala ere. Gaur bertan, Lope Alberdik eraikitako organoaren inagurazio ekitaldia egingo dute, eguerdian. "Eskolakristo taldeak abestuko du eta Irene Ojanguren sopranoak berak ere Tu es Petrus interpretatuko du", Lope Alberdi Organoaren Lagunen musika-kultura elkarteak adierazi duenez.

"Meza amaitutakoan, Unai Iriondo organo-joleak hiru partitura eskainiko ditu organoa "zaharberritu ostean haren edertasuna eta indarra oso-osoan entzuteko moduan. Lumoko organoak (1909koak) kainuterian, alde mekanikoan eta beste batzuetan eduki dituen urteetako kalteak direla-eta, zaharberritzearen beharrak egin zaizkio Gondra Barandiaran Fundazioaren babesari esker".