Bidaia gogor baten ostean, Magallanes eta Elkano kapitainek gidatutako espedizioak lehen aldiz lotu zituen bost kontinenteak eta lehen aldiz zeharkatu zituen Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indiako ozeanoa. 500 urte beranduago, Euskal Herria eta Txile berriz konektatuko dituen ekimena bideratu du Elkano Fundazioak. Izan ere, herrialde biak elkartzeko xedearekin, bi itsasertzetako haur eta nerabeek 500 postal trukatuko dituzte aste honetan Postalak mundubiran. “Ekimen horrek beste mundubira bat proposatzen du, postalak trukatuz eta gazteenen ikuspegitik oraingo honetan”.

Euskadiko zazpi ikastetxek hartu dute parte egitasmoan, hauetatik hiru Bermeokoak: Eleizalde ikastola, Sagrado Corazon ikastetxea eta San Francisco herri ikastetxea. Elkanok borobildu zuen bidaian hainbat izan ziren marinel bermeotarrak, protagonismo nabaria izan zutenak gainera. Zazpi izan ziren, zehazki, 1519ko irailaren 20an abiatu ziren Sanlucar de Barramedatik. Gehienak itsasgizonak izan ziren, baina baita arotz bat eta istinkari edo bikeztatzaile bat ere. Horietatik sei Concepción itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren, beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen, eta gainerako biek ­-Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak- munduari bira eman zioten. Parte hartu zuten besteak -nahiz eta mundi bira ezin amaitu- Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga, Pedro Mugertegi eta Pedro Sautua izan ziren.

Itsasoak lotutako istorioak

Udalerriko hezkuntza zentroak Gipuzkoan dauden beste laurekin parte hartu dute: Getariako Iturzaeta Eskola Publikoa, Orioko Zaragueta Eskola Publikoa, Mutrikuko Goizeko Izarra eta San Miguel. “Postalak mundubiran ekimenaren bidez, itsasoari lotutako historia parteka-tzen duten gazteakelkartu nahi dira, gazte horiek lotura hori dutenik ez badakite ere”, azaldu du Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek. Honako hau ere gehitu du: “Gazteek itsasoarekin duten harremanari buruz hausnarketzea nahi dugu, baita itsasoarekin lotura duten beste kultura batzuk ezagutzera bultzatu ere, kultura-aniztasuna eta Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeetako mundu-ikuskerak ezagutu ahal izateko”. Postalen elkartrukean Magallaes eta Txileko Antartika eskualdetik -espedizioaren ibilbidetik gertu dagoen eremu geografikotik- beste zazpi ikastetxek hartu dute parte. Bestetik, ekimena bi erakundek antolatu dute: Elkano Fundazioaren eta Magallaes etaTxilekoAntartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankide-tzaren emaitza da.

8, 12 eta 14 urte arteko haur eta nerabeen ikuspegia jaso dute postalek, bakoitzak nahi izan duena komunikatu duelarik. Eta hauetan “Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu” gai nagusia landu dute “eta, irudiaz gain, itsas bizitzarekin eta lurraldeari lotutako istorioekin duten harremana partekatu dute”. Ikastetxeek “gogo handiz” parte hartu dutela jakinarazi dute Elkano Fundaziotik. Eta beste kontu bat ere lortu dute: kultura-aniztasunean eragitea, munduko bi txoko batuz. “Ekimen horri esker, duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeen arteko lotura eguneratu nahi da; horretarako, lurralde bakoitzaren berezitasunak hartuko dira ardatz, kultura-aniztasuna azpimarratuz”. Mundu biraren 500. urteurreneko ekimenek, hala ere, jarraipena izango dutela jakinarazi dute, datorren urtean gertatu litekeena. Izan ere, “lehen esperien-tzia pilotu honen ostean, 2022an lehen mundubirarekin lotura duten beste lurralde batzuk sartu nahi dira ekimenean, hala nola Andaluzia, Filipinak, Cabo Verde eta Portugal”, fundazioko arduradunen arabera.

‘POstalak mundubiran’

Lankidetza

Erakundeen artean. Elkano Fundazioaren eta Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko Kultura Ondarearen Zerbitzu Nazionalaren arteko lankidetzaren emaitza da ‘Postalak mundubiran’ ekimena. Beste zenbait erakundek hartu dute parte, hala nola Correos edota Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Itsasoa

Gai nagusi. Parte hartu duten ikastetxeetako haurrek -horien artean hiru Bermeokoak: Eleizalde, San Francisco eta Sagrado Corazon- bidalitako postaletan “Ni eta itsasoa, itsasoa eta zu” gaia landu dute eta, “irudiaz gain, itsas bizitzarekin eta lurraldeari lotutako istorioekin duten harremana partekatu dute”.

Aniztasuna

Azpimarratuz. Duela 500 urte lehen aldiz elkartu ziren bi eskualdeen arteko lotura -Magallanes eta Elkanoren espedizioaren biartekoa-eguneratu nahi dute; “horretarako, lurralde bakoitzaren berezitasunak hartuko dira ardatz, kultura-aniztasuna azpimarratuz”.