Urtero uda partean agertzen den arazoa da Laida, Laga eta Solabe (Kanala) hondartzetan. Irisgarritasun arazo nabariak dituzte, ibilgailu pribatuen masifikazioagatik. Eta orain dela zenbait aste Ibarrangeluko Udalak aparlkaleku-zerbitzuan neurriak hartzea onartu zuen, nahiz eta ezin izan dituen aurrera eraman. Urdaibaiko eskuin- aldeko bost Udalek bat egin dute garraio publikoa hobetzeko eskarian. Zehazki, Elantxobeko, Gautegiz Arteagako, Ibarrangeluko, Kortezubiko eta Sukarrietako Udalek (azken honek Kanala auzoa Gautegiz Arteagarekin partekatzen du) Bizkaiko Foru Aldundiari hondartzetara doan autobus zerbitzua zabaltzeko eskatu diete. Toki-administrazioek "bizilagun guztiek ibilgailu partikularra erabili barik hondartzetara joan eta itzuli ahal izatea" eskatu dute, horrela"neurri batean ehintzat, hareatza horien inguruko aparkaleku-arazo larriak arindu" ahal izateko.

"Garraio publiko eraginkorra" izatea da Udalek plazaratu duten eskakizuna, zeren Bizkaibuseko autobuseak hartzea baino beste aukerarik ez dute itsasadarreko eskumaldean bizi direnek. Izan ere, "Laida, Laga eta Kanala inguruan eta Elantxoben aparkatzeko tokirik ez dagoenez, irisgarritasun-arazoak sortzen" direla diote. Eta egoera honi amaiera eman nahi diote, jakinik gainera "nahiz eta hondartzen denboraldian Bizkaibuseko zerbitzu berezi bat egon, gero eta jende gehiago joaten da hondartzetara, aparkatzeko arazoa areagotuz". Iazko esperientziatik ondorioztatutakoren arabera, "Gernika-Lumo eta Elantxobe bitarteko herrietako bizilagunek, behin baino gehiagotan, Bizkaibus zerbitzu barik geratu zirela hondartzetara joateko edo hondartzatik itzultzeko; izan ere, puntako orduetan, eguzki-egunetan, autobusak osorik" igarotzen ziren. Bada, "puntako orduetan, Laida, Laga eta Kanalako hondartzetara iristeko udalerri hauetatik igarotzen diren A-3513, A-3526 eta A-3532 lineen maiztasuna handitu" dezala eskatu diete Aldundiari.

"Helburua da herri hauetan bizi direnen hondartzetarako irisgarritasuna bermatzea, eta Laida, Laga eta Kanalako hondartzen eta Elantxobeko udalerriaren inguruko aparkalekuaren arazoa arintzea, ibilgailu partikularrak hartzeko karga-ahalmena oso mugatua baita". Koronabirusak ezarritako osasun-neurriak ez du egoera erreztuko, zeren "urtebete baino gehiago arrazoi sanitarioengatik murrizketak izan ondoren, herri txikiak eta, bereziki, hondartzak oso jendetsuak izango dira". Bisitarien barne-fluxua handituko dela iragarri dute.

"Larria da itsasadarraren eskumaldeko herrietan" egoera, "hauen orografiagatik zaila dalako aparkaleku-publikoetarako espazioak sortzea", gaineratu dute. Bizkaibuseko zerbitzua areagotzea onura ekarriko duela diote, bai mugikortasunean eta baita "errepideak eta bazterbideak ibilgailuz libratzeko", Azkenik, ingurumenaren aldeko neurria izango dela deritzote, "CO2 isurpenetatik babesteko eta oinez eta bizikletaz mugitzea sustatzeko" ere. "Bestalde, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko aukera bat da, mugitzeko aukera eroso, guragarri eta ardura-tsutzat hartuz".

Eskaria

Bat eginda. Bizkaibusek A-3513, A-3526 eta A-3532 lineen "maiztasuna handitu" dezala eskatu dute Elantxobe, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi eta Sukarrietako Udalek.

Aparkalekuak. Garrario publiko eraginkor baten bitartez Laida, Laga eta Solabeko (Kanala) hondartza horien inguruko "aparkaleku-arazo larriak arintzea" du helburu nagusi eskakizunak.

Udalak

Konponbidearen

"Beharrezkoa da eta konpondu nahi dogu egoera hau", Udaletatik diotenez, "bereziki gazteei eta adinekoei eragiten diena, gidabaimenik ez dutenei".