Bihartik aurrera aisialdi gune berria izango dute erabilgarri markinarrek. Izan ere, datozen zortzi urteetan “erabilera publikoko parkea izango da Murga jauregiaren basoa”, Markina-Xemeingo Udalak eta beronen jabeek sinatutako hitzarmenari esker. Bi atal desberdin ditu gune berdeak -baso eremua eta ibiltzeko eremua- eta toki-administrazioak zenbait egokitzapen egin ditu Bidarte dorreko parkean, Lea-Artibaiko Amankomuazgoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren txostenak jaso ostean. Lehendabizikoz, “bertako fauna eta floran konponketak egin dira. Honi lotuta, bertako zuhaitzen zaintza bere gain hartuko du Udalak datozen zortzi urteetan. Bestetik, ibilbideak egokitu dira”, diotenez, Abesua kaleko 12-24 zenbakien artean kokatutako dagoen esparruan.

Irekiera-ekitaldia bihar bertan izango da, 13:00etatik aurrera eta Tarine musika eskolaren parte-hartzearekin. Izatez, parkea “lasaitasun eremu bat izatea nahi da, bertan atseden hartu, irakurri, paseatu eta ingurune natural batean aisialdiaz gozatu ahal izan dezaten herritarrek”. Eta bi gune desberdinetan banatzen da eremua: parkea (ibilbidearen eremua) eta baso eremua, Udaletik jakinarazi dutenez. Zehazki, basoaren eremuan dagoen “zuhaizti handia, haritz eta pagoz josita, eremu ekologiko moduan kontsideratu da. Beraz, eta eremu honetan bizi diren espezieen habitata babesteko, Udaletik herritarrei eskatzen zaie parkearen eremura mugatzea eta baso eremura ez sartzea. Horrez gain, erabiltzaile guztiei eskatzen zaie ingurua zaintzea eta parkearen erabilera arduratsua egitea”. Hala, debekatuta dago “bizikletak, patineteak, patinak edo antzeko elementuak erabiltzea parke barruan, eta baita baloi, pilota edo antzeko elementuekin egiten diren kirol-jarduerak praktikatzea ere”. Horrez gain, eskatzen da etxetxoa dagoen eremura “ez gerturatzea, jarri diren hiri altzariak zaintzea eta zaborrik ez uztea. Hain justu, hondakin mota desberdinak jasotzeko edukiontziak jarri dira parkearen sarreran. Arau guzti hauek jasotzen dituen panela jarri da parkean bertan”.

Bestetik, gune berdeak ordutegia berezia izango duela jakinarazi dute. “Bidarte dorreko parkea egun argiko parkea izango da, eta ordutegi desberdina” izango du urte sasoien arabera, “sasoi bakoitzaren eguzki orduen arabera”. Bada, apiriletik irailera 09:00etarik eta 21:00etara arte izango da zabalik; azarotik otsailera 09:00etatik 17:00etara; eta, azkenik, martxo eta urri artean, 09:00etatik eta 19:00etara izango da erabilgarri. “Horrez gain, abuztuan itxita egongo da parkea erabilera publikorako (hi-tzarmenean jasotakoari jarraituz), eta baita egun haizetsuetan ere, segurtasuna bermatzeko”, Udaleko bozeramaileen arabera. Markina-Xemeingo bizilagun zein bisitarien informazioa osatzeko, parkearen sarreran informazio praktikoa jasotzen duen plaka jarri da. Gaineratu dutenez, “plaka horretan QR kode bat ere ipini da. Bertan argazkia aterata, guneari buruzko informazio gehigarria jaso daiteke, www.markinaxemeinturismo.eus webguneko Ondarearen Ibilbidea atalera bideratuta”. Azkenik, Udalak parkerako sarbidea erraztu nahi izan die herritarrei, “bertako irisgarritasuna hobetuz. Parkearen sarreran zebra-bide berria egin da, eta honek segurtasuna areagotuko du gunean. Horrez gain, bizikletak uzteko tokia ere jarri da parean”.

Urteetako kudeaketa

2019ko abuztuan hasi zen Udala, Luis Egurrola alkatearen bitartez, Abesua kaleean dagoen basoaren jabeekin harremanetan. “Eremu honi erabilera publikoa emateko nahia agertu zien Udalak jabeei, herritar guztiek berau erabili ahal izateko. Bi aldeen adostasuna lortuta, erabilera publikoko baso pribatu gisa erabiltzeko hitzarmena sinatu da, zortzi urtetarako”. Hobekuntzak hasi baino arinago, bilera izan zuten Udaleko arduradunek, jabeek eta Lea-Artibai Amankomunazgoko Ingurumen teknikariak eta lanak burutuko zituen enpresak. Aldez aurretik, hala ere, eskualdeko erakundeko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek bi txosten egin zituzten, “eta bertan zehazturiko irizpideak jarraitu dira”. Horrez gain, herritarren ere gomendioak egin zituzten.

Akordioa

Erabilera publikoa. Gune berdea herritarrek erabiltzeko gunea izango da, gutxienez datozen zortzi urtetan. Sinatutako hitzarmenak dioenaren arabera, jabeak “ahalmena izango du lagapen epe hori bete baino lehen akordioa indarrik gabe uzteko, baina, kasu horretan, jabeak kalte-ordaina eman beharko dio Udalari, honek parkean egindako hobekuntzen kostuaren parte proportzionala itzuliz”.

Bi gune berezitu. “Lasaitasun eremu” tankera du berdeguneak. Eta bi gune ezberdin: basoa bera eta ibilibideak. “Gunea zaintzea” eskatzen diete herritarrei. Hala, “debekatuta dago bizikletak, patineteak, patinak edo antzeko elementuak erabiltzea parke barruan,

eta baita baloi, pilota edo antzeko elementuekin egiten diren kirol-jarduerak praktikatzea”.