Herriko plaza erabarritzeko proiektua idazteko kontratua esleitzeko prozesua abian jarri du Gautegiz Arteagako Udalak. Erdigunean dagoen tokia izanik, udaletxea, frontoia edota kultur etxea lotzen duen espazioa, toki-administrazioak ideia lehiaketa deitu du. Egitasmo garrantzitsua da berau, izan ere 500.000 eurotik gorako inbertsioa egingo dute gunea eraberritzeko, eta herritarrek ere parte hartzea izango dute. “Geure herritarren-tzako espazio esanguratsu bat sortu nahi dugu, gustura egotekoa, irisgarritasunaren, iraunkortasunaren, genero-berdintasunaren, herritarren segurtasunaren eta erosotasunaren irizpideei eran-tzungo diena”, azaldu du Juan Felix Naberan alkateak.

Helburua “oztopo arkitektonikoak ezabatzea eta udalerriko bizilagunentzako espazio berri bat sortzea da”, Udaleko bozeramaileek diotenez. “Herriaren gune neuralgikoa da, baina oztopo arkitektonikoak ditu eta honek irisgarritasuna zailtzen du”. Bada, plaza eraberritzeko proiektuen artean hiru sari emango dira. “Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 40.170eurokoa da eta hiru proposamen onenetarako partaidetza-sariak barne” hartzen ditu. “Proposamenak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izango da, oinarrien iragarkia Euskadiko Kontratazio Plataforman argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera”.

Bestalde, Herriko plaza ekintza berrietara moldatu nahi du Gautegiz Arteagako Udalak. Baditu hainbat zerbitzu inguruan, baina beste ekimen batzuetarako baliagarri bilakatu nahi dute. Ekitaldiak ere antolatu ahal izango ditugu, hala nola kontzertuak, lehiaketa gastronomikoak, merkatuak, etabar. “Herriko Plaza herriaren egungo beharretara egokitzea legealdi honetako helburu bat da, herriak duen beharrizan bat da, eta hau lortzeko beharrezko pausuak ematen hasiak gara”, dio Naberan alkateak. Prozesu guztia herritarren eskutik eman nahi du toki-administrazioak. “Urte hasieran Herriko plaza berrirako herritarren iradokizunak ezagutzeko kontsulta epe bat ireki genuen, eta, orain, proiektu berriaren aukeraketan ere herritarrek ahotsa izango dute”.

Aukeratutako hiru ideiak jakitera ematen dienean izango dute hitza harritarrek. “Behin hiru ideia finalistak aukeratuta, proiektu horiek Gautegiz Arteagako herritarrei erakutsiko zaizkie, beren proiektu gogokoena hauta desaten”. Gautegiz Arteagan erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute bozketan, aurrez aurre eta isilpean, goizeko eta arratsaldeko ordutegian, eta 9 egun jarraituko epean. “Herritarren parte-hartzea amaitzen den egunetik hasita hilabeteko epean emongo dau epaimahaiak azken irizpena (120 puntura arte), eta epaimahaiaren aurretiko balorazioa (100 puntura arte) eta ondorengo herritarren parte-hartze fasean lortutako puntuazioa (20 puntura arte) jasoko ditu”.

Irizpideak

Lehiaketara aurkezten diren enpresek hainbat irizpide izan beharko dituzte kontutan. Besteak beste, “300 metro koadro inguruko eremu estalia izan behar du; plaza Kultur Etxeko sotoko solairuagaz lotu behar da; Kultur Etxearen atzeko aldea oinezkoentzat konektatzeko urbanizatu behar da; aparkalekurako bi plaza erreserbatu behar dira mugikortasun murriztuko pertsonentzat; erabilera anitzetako gunea izan behar du, aparkaleku eta zerbitzuetarako aparkalekuen gutxieneko kopuruagaz; eta autobus-geltokia jarduera-eremuaren barruan sar-tzea”.

Azkenik, Gautegiz Arteagako Udalak kontratuaren gastua 40.170 eurotan aurreikusi duela jakinarazi du. Hala, “7.500 euro proposamen onenentzako hobarietan (lehen saria: 3.500 euro; bigarren saria: 2.500 euro; eta hirugarren saria: 1.500 euro); beste 22.869 euro proiektua idazteko eta 9.801 euro, azkenik, obraren zuzendaritzarako”.