Euskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 44. edizioa ospatuko du aurtengoan. Eta nahiz eta azaro partean, 20aren eta 28aren artean, ospatzen den, berriki ireki dute lanak aurkezteko epea, irailaren 8ra arte luzatuko dena.

Iazkoan koronabirusaren pandemiak berritaunak ekarri zituen, eta aurtengoan ere iazkoan plazaratutako zenbait mantenduko dituztela gaineratu dute antolatzaileek. Izan ere, "jaialdiak ohikoa den formatu fisikoa berreskuratzeko ahalegina egingo du, iazko online edizioaren alde batzuk mantenduz".

"Aurten aldiz, ikusleak berriz ere zine aretora erakarriko ditu Euskal Zine Bilerak, segurtasun neurri guztiak bete eta kalitatezko jaialdia eskainiz", diotenez. Lehiaketaren helburuak, hala ere, ez dira aldatuko. "Azken urteetan egin den antzera, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute 44. edizioan". Bada, jaialdiaren egitura fisikoa berreskuratuko da, "formatu presentziala indartuz eta Ikusgarri aretoko ateak ikusleentzat irekiz. Hori bai, iazko online jaialdiak alde positibo asko utzi zituen eta edizio berri-tzaile horretatik elementu ba-tzuk mantenduko dira: zinebilera.eus orrialdean jaialdiko hainbat eduki egongo dira ikusgai, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lanak. Osasun egoera zein-nahi dela ere, asko dira jaialdiak irauten duen bitartean Lekeitiora etorri ezin direnak eta, hori kontuan izanik, haientzako edukiak prestatuko dira gure web orrialdetik ikusi ahal izateko".

Euskal Zine Bilerak beste behin hartuko du Lekeitio, azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatuko delarik, eta "euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko". Lehiaketari dagokionez, euskaraz ekoitzitako askotariko lanen "erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian".

Hori horrela, ohikoak diren sariak banatuko dira: zuzendaritza, gidoi eta film onenari, hurrenez hurren. "Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Lehiaketa formatu fisiko zein digitalean egingo da. Lehentasuna ikusgarri aretoko proiekzioei emango bazaio ere, zinebilera.eus orrialdearen bidez lanak ikusteko eta bozkatzeko aukera egongo da".

Sariei dagokienez, guztira 5.850 euro banatuko dira: zuzendaritza onenak 1.600,00 eskuratuko ditu; gidoi onenak beste 1.600 euro; eta film onenak 1.900 euro izango ditu sari ekonomiko moduan. Azkenik, beste behin ere izango da ikusleen saria, 750 eurokoa.

Lanak aukeratzeko ea jada zabalik dela gaineratu dute antolatzaileek. Eta bere oinarriak "zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri. Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik".

44. Euskal Zine Bilerak aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, "euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da, hori dela eta aurtengo edizioan ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu".