Eusko Jaurlaritzaren azkeneko gobernu kontseiluak Bermeoko Gaztelugatxeko San Juaneko ingurunea babes-maila bereziko kultura ondasun, kultura paisaiaren kategoriarekin, deklaratzen duen dekretua onartu berri du. "Onarpenak bi babes eremu zehazten ditu. Batetik monumentu eremua bera, hau da, ondare-ikuspuntutik balio nagusiko eremua eta bestetik lehenengo eremu horri babesa ematen diona", azaldu dutenez. Baiezko honekin, Eusko Jaurlaritzak orain hileak hasitako izapideei amaiera ematen diete, Kultura sailak egin dituenak. Hala, etorkizunean ondareari eragiten dion edozei obrak baimen berezia beharko du, Bizkaiko Foru Aldundiak emango duena.

"Babestutako multzoaren barruan sartzen dira Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertara sartzeko dagoen zabalgunea eta multzoari balioa ematen dion itsasoko eta lurreko ingurunea", Lakuako gobernuko bozeramaileek diotenez. Eta zenbait arrazoigatik eman diote izendapena Bermeon kokatutako kostaldeko guneari, zeren emandako babesaren oinarrian daude "paisaia kulturalaren kultura-nortasuna, kokagunearen balio historiko-arkitektonikoa, paisaia bera, eta balio materialak eta immaterialak". Azken horien artean, "aberastasun handiko tradizioak daude, batez ere erlijiozkoak. Dekretuak zehazten duenez, Gaztelugatxeren berezitasuna arkitekturaren, paisaia naturalaren eta izaera erlijiosoaren sinbiosian dago", gaineratutakoaren arabera.

Bai Bermeoko Udalak eta baita Sos Gazteligatxe elkarteak ere alegazioak aurkeztu zizkioten izendapenaren hasierako prozesuari. Zehazki, toki-administrazioak zenbait kontu plazaratu zituen, hala nola bigarren gunea izenekoaren mugak handitzeko eskaria egin zion Jaurlaritzari, goiko begiralekuan dagoen Begoñako Amaren entronazioaren monolitoa; Nestor Basterretxearen monumentua, Talaieroa eta Gerra Zibileko kanoien bateria eta Matxitxako faroa eta zetazeoak ikusteko gunea.

Gaztelugatxeko multzoari emandako babesaren barruan sartzen dira tenpluari lotutako ondare higigarri batzuk. Besteak beste, elizako absidean dagoen San Joan Bataia-tzailearen buruaren irudi bat, arrantza-ontzi baten brankan jarrita (XVI. mendeko gotiko estiloko pieza da, zur polikromatuzkoa). Baita San Pauloren tailla bat, rokoko estilokoa. Gainera, Sortzez Garbiaren tailla, XVII. mendearen bigarren herenekoa, Alloytiz eskola barrokoaren estilokoa babesteuko dute, San Joan Bataiatzailearen tailla -XVII. mendekoa, estilo herrikoikoa- batekin. Azkenik, ondare aldetik garrantzitsuak diren beste hiru tailla ere babestuko dituzte: San Pedroren tailla bat, rokoko estilokoa; Santa Anaren tailla bat, XIV. mendekoa, gotiko estilokoa; eta koruan dagoen XVIII. mendeko Asisko San Frantziskoren tailla bat, rokoko estilokoa.

Hala ere, Gaztelugatxeko San Juanek baditu beste hainbat ondare inmaterial, kultur adierzpen eta erritu. Bada, Eusko Jaurlaritzarne izendapenak hauek babestearen alde egiten du. Hala nola, "ahozko kulturari dagozkio soilik (kondairak, ipuinak €)" hauetako batzuk, "baina badira baselizan eta haren lehorreko eta itsasoko ingurunean egiten diren erromesaldiak eta jaiak ere, bereziki Urizarretako zelaietan, oso errotuta daudenak herritarren artean. Gaur egun, erromesaldi aipagarrienak San Juan Bataiatzailearen lepogabetzea egunean (abuztuak 28), Ostiral Santuan, San Juan Bataiatzailearen jaiotze egunean (ekainak 24) eta Loiolako San Inazio egunean (uztailak 31) egiten direnak dira. Azpimarragarria da baita noizean behin egiten den Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea ere.

Derrigorrezkoa

Etorkizunean, Gaztelugatxeko San Juanen kultura-paisaiaren erabilera nagusiak erlijiosoak eta kulturalak izango dira, bereziki erromesaldiak eta atsedena eta paisaia naturalen kontenplazioa, besteak beste. "Turismo-erabilera ere onargarria izango da, baldin eta jasangarria eta kultura-paisaiaren kultura-balioak errespetatzen baditu", Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez. Zehaztu dutenez, azkenik "babestutako eremuan egingo diren esku hartze eta obrek ondasunen balioak errespetatu eta hobetu beharko dituzte derrigorrean, Bizkaiko Foru Aldundiaren kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailak baimendu eta onartu beharko dituelarik".

Babes-maila

Handiagoa. Onarpenak Gaztelugatxeko bi babes eremu zehazten ditu: monumentu eremua bera, hau da, ondare-ikuspuntutik balio nagusiko eremua eta bestetik lehenengo eremu horri babesa ematen diona. Ondare-higigarriak sartzen dira bertan,.

Gune

Berezituak. Babestutako multzoaren barruan sartzen dira "Gaztelugatxeko uhartea, zubia, bertara sar-tzeko dagoen zabalgunea eta multzoari balioa ematen dion itsasoko eta lurreko ingurunea". Eta babesaren oinarrian daude zenbait kontu: paisaia kulturalaren kultura-nortasuna, kokagunearen balio historiko-arkitektonikoa, paisaia bera, eta balio materialak eta immaterialak, zehazki.