'Hemingway & Euskal Herria' erakusketa inauguratu dute

Nobel saridun idazlearen eta euskal herritarren arteko lau hamarkadatako erlazio estua du oinarri, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan irekitako mostrak

31.03.2021 | 14:05
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak 'Hemingway & Euskal Herria' erakusketa inauguratu du

Gogoko zituen Ernest Hemingway idazle estatubatuarrak euskaldunekin egotea. Eta erlazio horrek sortutako hainbat pasarte dira Nobel saridunaren bizipenetan, ez bakarrik bere ibilbide literarioan. Jakina da Hemingwayek hainbatetan zapaldu zuela Euskal Herria –Iruñeako San Ferminak, Gernikako bonbardaketari egindako aipuak, Hendeyako bisitak edota Urdaibaiko egonaldiak, besteak beste–, eta ez bakarrik hori: Cuban bizi izan zenean ere sekulako erlazioa izan zuen bertan ziren pilotariekin. Bada, guzti honi egiten dio errepasoa gaur bertan Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan ireki berri duten Hemingway eta Euskal Herria izenburupeko erakusketak.

Objetuak, argazkiak, margolanak, ikusentzunekoak edota Hemingwayren bizitzako pasarteak lotzen ditu erakusketak. Eta ez dio bakarrik idazleari aipamen egiten, baizik bere ondoan izan ziren beste hainbat pertsonaiari. Martha Gellhorn da horietako bat, estatubatuarreren emazteetako bat, eta "gerra erreportari handia" izan zena. Edota bere inguruan ibili ziren hainbat euskaldun ere. "Erakusketak eztabaida piztea" du helburu, honen komisario lana egin duen Edorta Jimenezen esanetan.

Izan ere, "framnkismoaren biktima izan zen Hemingway", dioenez, diktadurak bere irudi distortsionatua eskaini baitzuen. "Eta guk, erakusketa honen bitartez, bere benetako aurpegia plzaratu nahi dugu, batez ere euskaldunekin izan zuen harremana lotura izanik". Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua ere aurkezpenean izan zen, eta zera gaineratu zuen: "Hemingwayek bihotzen izan zuen Euskal Herria iltzatua, euskal kulturaz maitemindutako gizona izan zen".


HARRIBITXI BAT

Erakusketak, bestetik, badu beste "harribitxi bat", Bilbaoren esanetan, liburu forman. Zeren lehenengoz aurkeztu dute Night Before Easter – Pazko Bezperako Gaua liburuaren euskarazko argitalpena, Gellhorn kazetari, gerra-erreportari eta idazleak idatzitako 'Hemingway & Euskal Herria' kontakizunarekin osatzen duena. Gellhorn, aldi berean, idazle amerikarraren lagun sentimentala ere izan zen eta berak batez ere Habanan biz iziren euskal pilotariekin ordu txikiak arte egindako festa bat kontatzen du. bestetik, Erramun Mendibelanda euskal margolari, grabatzaile eta ilustratzailea arduratu da liburuaren diseinuaz eta maketazioaz, eta historiari bizia ematen dioten ilustrazioen egilea ere bada.

Erakusketari dagokionez, idazlearen hainbat pasarte ditu bere baitan. Izan ere, 1920an izan zuen Euskal Herriarekin lehen kontaktua estatubatuarrak. Eta 1961ean Idahon bere buruaz beste egin zuen arte, lotura berezia izan zuen. "Kuban egin zuen egonaldi luzetik igaroz, Ernest Hemingway idazleak lagun asko egin eta izan zituen Euskal Herrian jaiotakoak, batzuetan oso estuak. Era berean, kontaktu batek euskal kultura eta gastronomiari buruzko ezagutza handia eskuratzea ahalbidetu zion, euskararekiko ere interesa agertuz", Aldunditko iturriak diotenez.

Mostrak, bestetik, hainbat pieza ditu erakusgai: Jose Maria Ucelayren Conversation Piece, Just Leisure olio-pintura dago, "non Hemingway bere lagun minarekin, Juan Duñabeitarekin (Sinsky, idazlearentzat) dagoen, eta Pilar izeneko yatearen maketa bat, Ernest Hemingwayk II. Mundu Gerran La Habanako bere lagun pilotariekin batera urpekari alemaniarrak ehizatzeko erabiltzen zuen ontzia". Horrez gain, "Helados Pereiraren gurditxoa ere ikusgai dago; Hemingwayk 1959an Bermeora egindako bisita batean izozki bat hartu eta argazki bat atera zuen horren ondoan".

Erakusketa datorren urteko urtarilaren 31ra arte izango da ikusgai. Eta Euskal Herria Museoak bere 30. Urteurrena betetzen duen honetan, erakusketari lotutako hainbat ekintza antolatuko dituela aurreratu dute, idazlearen irudiarekin eta bere lanarekin lotutakoak (zine forum, ipuin kontaketa, irakurketa komentatuak, ibilbideak, hitzaldiak). Gainera, maiatzean, Literatura eta Ondarea izenburupeko ekimenaren baitan, erakusketako komisarioa den Edorta Jimenezek Night Before Easter kontakizunari buruzko hitzaldia emango du.

Hilabete horretan bertan, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezi bat egingo da Helados Pereiraren eskutik. "Jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez. Hori dela eta, museoek eta foru aretoek edukiera-muga bat ezarriko dute, eta nahitaezkoa izango da aldez aurretik jarduera guztiak erreserbatzea", jakinarazi dutenez.

noticias de deia