Beste herri batzuetako ereduak aztertu ondoren, iazko azken hiruhilabetekoan jarri zen martxan Markina-Xemeingo Udala hileta zibilei buruzko ordenantza bat lan-tzeko. “Gaia Herritartasun ba-tzordean landu ostean, urriaren 28ko Osoko Bilkuran eman zi-tzaion hasierako onespena eta abenduaren 29az geroztik indarrean da araudi berria”, diotenez. Eta zehaztutakoaren arabera, hiru toki izendatu dira udalerrian ospakizun hauek egin ahal izateko: udaletxeko osoko bilkura aretoa, Sagastiguren (Iparragirre) eta Xemeingo udaletxea izan zen eraikineko bigarren solairua (gaur egungo Musika Eskola).

Hala ere, “aparteko egoeretan, beste lokal edo eremu publikoren bat erabiltzeko baimena” eman ahalko dela azalarazi du Udalak. Ordenantzak ordutegiak ere zehaztu ditu: hileta Zibilak asteazkenetan (18:00 - 21:00) eta larunbatetan (11:00 - 14:00 eta 18:00 - 21:00) egin ahalko dira. “Eskaerak udaletxean egin behar dira, ekitaldia egin baino 24-48 ordu lehenago, gutxienez, eta ordenantzak jasotzen dituen baldintzak beteta”. Legediak ardatz du “udal espazioen erabilera arautzea, senitartekoek, taldeek edota erakundeek aukera izan dezaten beren hildakoak agur-tzeko eta, bide batez, herritar ororen arteko berdintasuna susta-tzeko”. Izan ere, hileta zibilak “gaur egungo gizartearen aldarrikapen bat dira: ospakizunak norbere printzipioen arabera egin ahal izatea, norberaren erlijio sinesmenak edozein izanda ere”.

Erlijio-askatasuna

Era berean, norbanakoen ideologia, kultura eta erlijio-askatasuna bermatu behar dute erakundeek, eta Udalarena da “gizartearen beharrizan eta aldarrikapenei erantzuteko eskumena eta erantzukizuna. Guzti hori kontuan izanik, hileta zibilak egiteko espazio publikoak erabili ahal izatea onartu da Markina-Xemeinen”.