Zerbitzuak, baliabideak, ondarea, ibilbideak, eraikinak eta beste hainbat informazio gaurkotzea ahalbidetuko dituen hiru mapa berri aurkeztu ditu Ondarroako Udalak. Ondarroarren eta bisitarien eskutan utziko ditu mapa toponimikoa eta turistikoa, eta baita bisore interaktiboa ere. Azken da hau berritasun nagusia, izan ere hainbat informazio eskaintzen duen erreminta da.

"Herritar eta bisitariek udalerriko informazioa etengabe online eta eguneratua izatea" ahalbidetzen du bisore interaktiboak. "Edozein erabiltzailek informazio ezberdina duten mapak deskargatu edo inprimatzeaz" gain, baliabideak lokalizatzeko aukera ematen du. Zerrenda luzea da: udalaren zerbi-tzuak,enpresak, toponimoak, kaleak, azpiegiturak, ondareko elementuak, ibilbideak, ostalaritza establezimenduak, azpiegitura turistikoak€ "Mapa interaktibo honetan sartuz gero -herrigis.gis-cdn.net/ondarroa/ helbidean eskuragarri dena- filtroak ere ipini daitezke, nahi den tokia edo interesgunea bilatzeko", diotenez.

Hiru mapak sortzerako orduan laguntza izan du Ondarroko Udalak. "Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren dirulagun-tza jaso du, %80a finantzatuz, Udalerrietako informazio geografikoa hobetu eta udal mapak egiteko diru-laguntza partidatik. Jaurlaritzak 9.400 euro ipini ditu laguntza horren bitartez, eta gainontzeko %20 udalak ipini du, 2.350 euro. Guztira 14.217 euroko kostua eduki du proiektuak, 11.750 euro, BEZ barne". Mapa interaktiboak, azkenik, beste abantail bat ematen du, zeren "herrian ematen diren hirigintza-aldaketa guztiak etengabe gaurko-tzea ahalbidetzen du".

Mapa fisikoen kasuan -turistikoa eta toponimikoa-, Udalak izen eta hitz toponimiko guztiak "euskarara ekarri nahi izan ditu. Izen batzuk hizkuntza irizpideak errespetatu gabe idatzi ohi ziren, askotan herrian ahoskatzen diren moduan, eta beste batzuk, ostera, ez zeuden euskaraz, zuzenean". Azkenik, hauen zabalkundeaz ere jardun dira udal ordezkariak, hainbat guneetan banatu direlako. Besteak beste, Turismo Bulegoan, Udal liburutegian, Udaltzaingoan, Zaldupe eskolan eta Zubi Zahar herri ikastolan banatu dituzte.