Datorren urtean Lekeitioko Udalak 7.883.374 euroko aurrekontua izango du, aurten baino 675.777 euro gutxiago, "hau da, %8 gutxiago". Pandemiak sortutako egoerak beherakada ekarri du diru bilketan, izan ere toki-administrazioak 759.646 euro gutxiago jasoko du Udalkutxatik datorren urtean. Lehentasunak ere goitik behera aldatu ditu krisiak, zeren inbertsioak alde batera utzita, krisialdiari "elkarrekin aurre egitea" dute helburu, "beti ere, gehien sufritzen ari diren pertsona eta sektoreak erdigunean" jarriz. Hori dela eta, Lekeitiok "gizarte-larrialdietarako laguntzak" bikoiztuko ditu eta "oinarrizko zerbitzuak mantenduko" ditu.

EAJren aldeko botuak jaso ditu aurrekontuak, eta EH Bildu, ostera, abstenitu egin da, "nahiz eta aurrekontu proposamenari egindako ekarpen guztiak onartuak izan diren". Datorren urterako aurrekontuaren ehentasunak ere ondo asko markatu ditu Udalak. Hau horrela, "onartu berri diren aurrekontuak pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko oinarrizko eta kalitatezko zerbitzuak ziurtatu eta mantentzearen aldekoak dira, egoera ahulenean aurkitzen diren herritarrak eta negozioak babestera bideratutakoak". Bada, lehen esparru bezala gizarte laguntzak bikoiztea dute jomuga. Bigarrena, berriz, koronabirusak eragindako egoerari aurre egitea da. Horretarako 200.000 euroko partida onartu da, "beharrizanen arabera handitu daitekeena. Gogoratu behar da 2020ean ere 220.000 euroko partida berezia sortu zela Lekeitioko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-enpresek izandako galera ekonomikoei laguntzeko", adieeazi dutenez.

Gainera, "egoera hobetu ezean, Lekeitioko Udalak konpromiso argia du neurri berriak hartzeko eta erraztasunak emateko aurretiaz egin den antzera. Hala nola, ostalaritza establezimenduetako terrazen handitzea, herriko merkataritza indartzeko kanpainak, udal tasen edo kanonen berrikuspenak, eta abar", gaineratu dute. Azkenik, hirugarren kontu garrantzitsu bat ere bada. 2021eko aurrekontuetan ez dira proiektu berrietarako inbertsioak aurreikusten. "Une honetan udal kontuek ez dute horrelako aukerarik ematen, partida horiek egungo osasun larrialdiari aurre egitera bideratu baitira". Hala ere, 2020 urteko likidazioa egitean (martxoak bueltan) eta aurreko urteetako superabitaren ondorioz izandako soberakinak baldin badaude, "orduan bai aukera egongo da inbertsio ezberdinak burutzeko".