BERMEO. Garai zailak dira norbanakoen ekonomiarentzat. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiak kalte ekonomiko handiak sortu ditu gizartean. Hala ere, Bermeoko Udalak babes ofizialeko 36 etxebizitza jarri ditu salgai, San Martin auzoan kokatutakoak.

Etxebizitzen prezioa 139.053,83 euro eta 158.038,62 euro bitartean dago, BEZa barne, eta bi eta hiru logelakoak izango dira. Hauetakoren bat erosteko interesa izan dezakeenak Berualan izena eman beharko du 2021eko urtarrilaren 31a baino lehen. Gainera, planoen gaineko informazioa, argazkiak eta datu zehatzagoak Bermeoko Udalaren webgunean edota Berualan bertan aurkitu ahal izango ditu herritarrak.

36 etxe hauetakoren bat erosteko Etxebiden izena eman beharko da derrigorrez. Norbaitek izena bertan emanda izango ez balu eta laguntza beharko balu, Berualatik kudeatu ahal izango da eskaria. Babes ofizialeko etxebizitzak izanik, zenbait baldintza bete beharko dituzte interesatuek. Alde batetik, behar beharrezkoa izango da beste etxe baten jabea ez izatea. Bestalde, diru sarrerei dagokienez, gutxienez urteko 12.000 euroko sarrerak izan beharko ditu eta, gehienez, 39.000 eurokoak. Diru kantitate hauek gordinak dira.

Etxeek tamaina ezberdinak izango dituzte. Bi eta hiru logeladun etxebizitzak dira salgai daudenak; txikienak 70 metro koadro izango ditu eta handienak, berriz, 90 metro koadro inguru. Guztiak aparkaleku eta trastelekuarekin datoz. Informazio zehatzagoa nahi duenak jarri dadila harremanetan 94-617 91 73 telefonoan, beruala@bermeo.eus helbide elektronikoan edota gerturatu dadila Berualara (Andra Mari kalea 22).