Bermeo Tuna World Capital erakundeak 24 orduko hackathon birtual bat antolatu zuen iragan den azaroaren 21ean eta 22an, Innovathon Bermeo izenburupekoa. Lehiaketak badu garailea. Izan ere, Omegabyte taldeak eskuratu du sari nagusia, Sharkface proiektuari esker, "inguraketa-arrantzako sistema selektiboagoa eta iraunkorragoa ezartzean" oinarritutakoa. Ekimenak 15.000 euro baino gehiago poltsikoratuko ditu, baina baita egitasmoa Bermeon bertan garatzeko aukera ere.

"Espezie osagarrien harrapaketa murrizteko erronka aukeratzen dugu, inguraketa-arrantzaren metodoak, nahiz eta beste arrantza-metodo batzuk (tretza, esaterako) baino selektiboagoa izan, batzuetan produktibitate txikiko espezieak harrapatzen ditu, hala nola marrazoak, itsas ekosistemari zuzenean eraginez. Horrela, biodibertsitatea aberasteko eta arrantza-sektoreari errespetuzko arrantza egiten lagun-tzeko borrokan gure aletxoa jarri nahi dugu ", adierazi du Oier Begiristain Omegabyte talde irabazlearen bozeramaileak. Begiristain eta bere taldeko kideak beste 19 ekimenekin aritu ziren lehian. Antolatzaileen esanetan, "aurkeztutako lanen maila altua izan da". Helburua "industriaren iraunkortasuna hobe-tzen lagunduko duten ideia berri-tzaileak sortzea" zen.

Iragan den asteburuan lehiatu ziren taldeen artean zeuden "startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak. Guztira, 80 parte-hartzaile izan ziren (%75 Euskadikoak eta %26 estatukoak). Satlink, Eroski, Azti, MSC, Albacora, BEAZ Bizkaia, Bolton Food eta ISSFko aholkularien laguntza izan zuten egitasmoen garapen" lanetan lagun-tzaile. Bestetik, erakundeen partaidetza zabala izan zen, Udala, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Bizkaia Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza edota Azti-Tecnalia zentroa, besteak beste.

Eta guztiek izan zituzten lau erronkei erantzun beharra, atunaren sektorearen ingurukoak. Iraunkortasuna zutelarik jomuga, aurkeztutako ideiak bideragarri egitea eta sektorean bertan aplikatzea dute etorkizunerako jomuga. Izan ere, lehian aritzeaz gain, proiektuak errealitate bihurtzean datza gako nagusienetako bat. Horretarako, Omegabyte taldearen Sharksafe proiektu irabazleak 15.000 euro baino gehiagoko balioa duen sari bat jaso du, "10.000 euroko ekarpen ekonomikoa". Eta baita 70 orduko mentoring zerbitzua, proiektua gara-tzeko Udalak Bermeon emandako lokal bat eta "2021ean Lisboako Innovathon txapelketaren finalera egindako bidaia, non talde irabazleak bere negozio eredua aurkeztuko duen Nazio Batuen Ozeanoen Mundu Konferentziaren esparruan", azaldutakoaren arabera.