Urtero berrasmatzeko kapazitatea duen jaialdia denim ezin da ukatu. Eta aurtengoan ere, osasun egoerak hala bultzatuta, Lekeition ospatzen den Euskal Zine Bilerak hala egin behar izan du. “Lekeitiotik pantaila guztietara”, Euskal Herrian euskara hutsean egiten den festibala on line bere 43. edizioan, www.zinebilera.eus atariaren bitartez, eta azaroaren 21etik 29ra bitartean.

Egun bizi dugun ezohiko egoera “erronkatzat” hartuta, Zine Bilera “jendez betetako zinematik atera eta edonork eta edonondik ikusi ahalko duen jaialdia” proposatzen du. Hala ere, zenbait atal izango ditu -Sortu, Partekatu eta Saretu izenburupekoak- eta sariak ere bere horretan mantenduko dituzte. Baita azken urteetan “arrakastatzutsat” jotako beste zenbait ekimen ere, Kameratoia edota Benito Ansola saria, adibidez. “2016an sortutako plan estrategiko berritzailearen hurrengo pausoa da, Lekeition sortutako jaialdiaren zabalkundea lortzeko, oinarriak ahaztu gabe eboluzio logiko bat biltzen duena”, antolatzaileen arabera. Hori dela eta, “ikus-entzunezkoak eskura izan nahi ditugu eta horren jakitun Euskal Zine Bilerak zinematik pantaila guztietara egiten du salto”.

Sariak bere horretan mantendu dira eta euren lanak aurkezten dituztenen artean lau emango dira: zuzendaritza onena (1.600 euro); gidoi onena (1.600 euro), ikusleen saria (750 euro) eta film onena (1.900 euro) eta urrezko antzarra jasoko duena. Orotara 19 ikusentzuneko aurkeztu dira aurtengoan. Euskaraz ekoitzitako “askotariko lanen erakusleiho”, proiekzioak 19:30etan egingo dira, azaroaren 23tik aurrera, sariketa emanaldia ordutegia berean izango delarik, baina azaroaren 28an izango delarik.

Lekeitioko jaialdiak hiru ataletan bananduko da: “euskarazko zinema sortuz, euskararen zinema partekatuz eta euskal zinemagintzarekin saretuz”. Lehen atalari dagokionez, “zinearen esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimena aurkituko ditugu”. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango da, azaroaren 22an. Bestetik, Benito Ansola sariarei dagokionez, “aurreko urtean saria eraman zuen Oier Fuentesek bere filmaren produkzioa nolakoa izaten ari den azalduko digu, working progress batekin”. Eta Zoom delako atalean, “Hazparneko Zinegin festibalarekin elkanaren bidez sortutako egitasmoa aurkeztuko da”.

Partekatu sailean, lehiaketan diren lanez gain, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada izango da. Eta Saretun, azkenik, “euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan, (H)emen elkartearekin batera. Era berean, Pantaila Zuria espazioa estreinatuko da, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiz, aurten Zinegoak izango da gonbidatua. “Azkenik, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango dugu, Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean”, diotenez.