Koronabirusaren ondorioak arintzeko alternatibak garatzen ari diren hainbat patzuergotan parte hartzen ari da Leartiker, Europa mailakoak. Bada, Markina-Xemeingo ikerketa zentroak pandemiaren aurkako borrokan darabilen ikerketaren emaitzen “eskuragarritasuna maximizatuko” du, Europar Batasunaren covid-19 ikerketarako manifestua sinatu ostean. Berau onartuta, “EBk finantzatutako Covid-19 ikerketa-datuak Covid-19 Datuen Europako Plataformaren bidez eskuragarri jar-tzea eta ikerketen ondoriozko jabetza intelektualari buruzko lizentziak ematea onartzen eta babesten du” Leartikerrek.

Europa mailako hainbat ikerketa zentrok “sortutako emaitzak, ukigarriak zein ukiezinak, publiko” egingo dituzte, “atzerapenik gabe” eta ikerketan lor daitezkeen emaitza positiboen jabegotza intelektuala plataforma amankomun batean konpartituz. Baita Leartikerrek ere. Biomedikuntzari lotutako alorretan dihardute -orain dela zenbait urte martxan jarritako proiektu estrategiko batekin, aurtengo ikerketa portzentaia %15eko izatea zehaztu zuena-, eta alor honetan egiten dituzten aurkikuntzek, eta koronabirusaren aurkako borrokan baliagarriek direnek, partekatuko dituzte.

Ongizatea

“Elkarlanean pandemia saihesten, diagnostikatzen, tratatzen eta eusten laguntzeko” helburua hartu dute. “Hurbiltasuna, malgutasuna eta Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoarekiko konpromisoagatik nabarmentzen den profesional talde batek osatzen du” Lertiker, eta, prest agertu da “herritarren ongizatea hobetzen laguntzeko”. Hala ere, “oraindik goiz da ondorioak ateratzeko, eta aurrerago, balio eta datu zehatzagoekin, aurrerapen horien berri emango da”, diotenez. Baina Leartiker prest da bere I+G+B prozesuetan lor ditzaketen onurak konpartitzeko.

40 ikerle. 2000 urte inguruan hasi zuen bere ibilbidea Leartikerrek, Lea Artibai Ikastetxearen baitan. Eta urtero urtero hobetzen joan da Markina-Xemeinen dagoen ikerketa zentroa. Azken bost urteotako datuei erreparatzea besterik ez dago: bere negozio bolumena 3 milioi eurokoa da; lantaldea 41 pertsonak osatzen dute, hauetako 7 doktoreak; eta urte amaierarako 9 doktoredun 50 pertsonako lantaldea izatea da aurreikuspena. 2025era arteko plan estrategikoa onartuta, negozio bolumena 4,5 milioi eurotara heltzean jarri dute helmuga, baita lantaldean handitzean ere.