BERMEO. Bermeoko Udalak 253.528,27 euroko aurrekontua bideratuko du trafikoa berrantolatzeko lanaetara. Obrak datozen asteotan hasi egingo dira, herriko sei kaleen eta saihesbidearen arteko zirkulazioa antolatzeko. Kale horiek Tellaetxe tar Josu, Erreinezubi, Askatasun Bidea, Artike Bidea, Almika Bidea eta Ander Deuna kalea dira.

Helburua bidegurutzea modu seguruan antolatzea da. Gune hau saihesbidetik herrigunerako sarrera-irteera berri bat izango dela aintzat hartuz eta trafikoa zuzentzeko aukera ezberdinak aztertu ostean, semaforo-sare sistema berria jartzea erabaki da.

Lanek 8 asteko iraupena izatea aurreikusten da. Semaforo-sare berria jartzeaz gain, besteak beste, Erreinezubi kalea eta bidegurutzea bera asfaltatu egingo dira, ura bideratzeko kainu-zuloak eta sareta berriak jarriko dira, zenbait espaloietan hobekuntzak egingo dira, edukiontzi eta zerbitzu guneak (zama-dezama guneak, autobus geltokia…) berrantolatuko dira eta seinale bertikal berriak instalatuko dira, lurrean ere seinaleak margotzeaz gain.

Bermeoko saihesbidea eta herriko erdialdea modu egoki batean lotzeko, hirugarren sarrera bat egitea aurreikusi zen. Lotura hori lortzeko, Tellaetxe tar Josu kalea luzatu da azken hilabete hauetan. Obra hauei esker, herritarrei aukera emango zaie Bermeon sartzeko eta irtetzeko herriko zeharkaleetatik ibili gabe eta, honi esker, herriko erdiguneko trafikoa arindu egingo da. Sarrera berri hau egiteak, aipatu sei kaleen arteko bidegurutzea antolatzea ekarri du eta hau da asteotan egingo dena. Gainera, aurrerantzean, herriko hainbat kaleetako zirkulazioa berrantolatu beharko da baita ere.

Honenbestez, Bermeoko Udal Gobernuak bere helburu estrategikoetako batean aurrerapauso garrantzitsu bat ematea lortu du. Izan ere, lan hauei esker, herriko irisgarritasuna nabarmen hobetuko da, herritarren bizi kalitatea hobetuz.