BermeokBermeoko hiru gaztek ekimen berezia jarri dute abian: Bertokuek

Orain hiru urte ekin zieten nekazal lanei, Mañu auzoan kokatutako familiako baserriari zukua atera nahian. Ez zen erreza izan, eta "lan eskerga" egin behar zuten, Xabier Ortuzarrek adierazten duenez. "Ateratzen genuen diruarekin gastuei aurre egiten genien"; baina denboraren poderioz lortu zuten hobera egitea, oilotegia sortzea... Euren ustiakuntzak martxa hartzea lortuta, hurrengo pausoa emateko prest ziren. Pauso "berezia" zen, hala ere: denda irekitzea. Ez zen ohiko denda, "baizik eta inguruko ekoizleei tokia" emango ziena behar zuen izan. "Konfinamendu garaian hasi ginen proiektuarekin. Lokal bat bageneukan Bermeon, eta zerbait egin behar genuela irizten genion... zergaitik ez denda muntatu eta ezagutzen ditugun nekazari eta ekoizleak integratu? Zergaitik ez bertoko kontsumoa bultzatu?", galde-tzen dio bere buruari Ortuzarrek. Kooperatiba tankera hartuta, ideia errealitate bihurtu zen.

Elkarlanean eta kilometro zero delako kontsumoaren aldeko apostua eginez, Bertokuek sortu zuten Xabierrek, Mikelek eta EndikakBertokuek. Filosofia berezia duen ekimena da berau. "Alde batetik, bertoko produktuak ditugu, kalitatezkoak eta zuzenean saldu ahal direnak, sasoikoak", diotenez. Bestetik, "hain gureak diren produktuen kontsumoa ere bultzatu nahi dugu, jendeak gure inguruko baserritarren barazkiak, pasta ekologikoak, eztiak etabar kontsumitu nahi dituelako. Eta ohitura horretan sakondu nahi dugu". Hala, hainbat ekoizleri egiten diote tarte. Bermeoko kontserbak, Zabaleko barazkiak, Lurre Urre proiektu solidarioa, Laneko kooperatibaren kontserbak, Gaizka Idoetaren frutak, Olatxuko Laboreaken mermeladak... Guztiak dira bizkaitarrak. Eta horietako asko, Bermeotik kilometro gutxira produzitzen direnak. Hala, laborarien jarduna laburbiltzen duten testuak jartzen dituzte dendako erakusmahaietan. "Datorrenak jakin dezan nortzuk diren eta zer egiten duten", zehazten dutenez.

Tratua izateaz gain, kolaboratzaile diren ekoizleekin hitzartzen dituzte prezioak. "Kontua ez da dirua egitea, baizik eta ekoizten duten hori sal dezatela eta pixkanaka-pixkanaka, urtero gehiago produzitzea. Gure bizimodua aurrera atera nahi dugu baserrian ari garenok, eta gure inguruan dabiltzan ekoizleek ere. Ezin gara prezioak puzten aritu, marjinak gehitzen. Hori ez da gure filosofia: prezioak adosten ditugu, eta ekoizlearen esanetara gaude", gaineratzen dute. "Jakin badakigu zailtasunak direla nekazal produktuak merkaturatzean, eta bide hori erreztu nahi dugu", diote. Bestalde, nekazari berriei tartea egiteko prest agertzen dira. "Ekoizle berriak animatu nahi ditugu, etor daitezela guregana. Merkatu txikia da gurea, gutxi batzuk aritzen gara lehen sektorean eta ez ditugu denak ezagutzen". Beraz, nahi duenak tokia du Bertokuek ekimenean.

Etorkizuna

Oraintsu ireki duten dendaz aparte (Bermeoko Atalde kaleko 9. zenbakian) , sare sozialetan ere badabiltza bermeotarrak. Eta webgunea zabalduko dute aurki, www.bertokuek.eus helbidean. "Ideia desberdinak dauzkagu etorkizunerako", Ortuzarrek aipatutakoaren arabera. Besteak beste, eta webgunearen bitartez egindako salmentez gain, otzarak prestatu nahi dituzte, sasoiko produktuekin hornituta. Telefonoz ere egin ahal izango dira enkarguak. "Kontsumitzaileei erreztasunak eman nahi dizkiegu, bertoko eta sasoiko jakien kon-tsumoaren alde eginez".

Bertoko produktuen kontsumoaren, bertoko ekoizleen eta inguruko ortuak bizirik mantentzearen alde egiten du ekimenak

"Oso harreman ona" dute ekoizleekin. "Prezioak adosten ditugu eta euren esanetara modaltzen gara. Gu ere pozik gaude", diote