Eskualdeko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresentzat koronabirusak eragindako egoera ezegonkorrean bidelagun izateko lanean diharduteaz aparte, Leartibai Garapen Agentziak ekimen berri bati egingo dio aurki. Kontsumo kanpaina bati emango diote hasiera datozen egunotan, 12.800 bonu eskualdeko hamar udalerriren bizilagunen eskura jarriz. “Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalak ematen dituzten establezimenduen jarduera bultzatzea” dute helburu. Kanpaina urriaren 20an hasiko da.

Hainbat izan dira azkenaldian euskal erakundeek -Bizkaiko Foru Aldundia edota Eusko Jaurlaritza, kasu- martxan jarritako ekimen desberdinak, merkataritza eta kontsumoa sustatze aldera. “Eskualdean dauden establezimenduetan erosketak egitea eta kontsumitzea sustatuz eta sektorea mantentzeko eta garatzeko” lagungarri izango da bonu kanpaina, Guk Lea-Artibain, eta zuk? lelopean egingo dena Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarreko hainbat establezimendutan. Nahiz eta bonua herri zehatz baten erosi, edozein udalerritako dendetan gastatu ahal izango dela aurreratu dute.

“Bonuen bidezko kanpainak, halaber, udalerrian tokiko ekonomia dinamizatzea ahalbidetuko du, beste neurri batzuk osatzen eta indartzen dituelako”, eskualde mailako erakunde publikotik aipatu dutenez. Ekimena hamar udalerritan egingo dute, urriaren 20tik hasita eta 28ra bitartean eros daitezkeelarik txartelak. Leartibai Garapen Agentziatik jankinarazi dutenez, “bonuaren erosketa prezioa 15 eurokoa da eta bere gastu ahalmena 20 eurokoa izango da. Halaber, bonu hauek metagarriak dira elkarren artean. Bonuen ordez ezin izango da dirurik bueltatu, inoiz”.

Bonu kanpaina Udalekin lankidetzan osatu da. Eta Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeinen kasuan, baita herri bakoitzeko merkatari elkarteekin. “Programa lantzeko orduan, Lekeitio, Markina- Xemein eta Ondarroako Udalek euren merkatari elkarteekin (Kitto, Hemen Be Bai eta Zatozte) adostu dute eskualdeko ekimena izatea”, zehaztutakoaren arabera.

urrian eta azaroan

Bonuak herritarra erroldatuta dagoen herriko udal bulegoetan, nahiz eta Ondarroa eta Lekeition Turismo Bulegoan salduko dira. “Pertsona bakoitzeko bi bonu eskuratu ahal izango dira, gehienez. Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoek eskuratu ahal izango dituzte”. Eta nahiz eta urriaren 20tik 28ra izango diren salgai, “urriaren 28tik 2020ko azaroaren 30era (biak barne) bitartean erabili ahalko dira kanpainara atxikitutako establezimenduetan”. Denda eta zerbitzu enpresek erakusleihoan kartel bat izango dute horren berri ematen.

“Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar herrietako atxekitzen diren txikizkako merkataritza establezimendu, ostalaritza lokal eta zerbitzu enpresetan” erabili ahal izago dira bionuak. Kanpaina honetara atxikitzeko epea 2020ko urriaren 15tik 20ra izango da, eta zenbait ekimen ere antolatuko dituztela aurreratu dute.