Uztailaren hasieran ireki zuen Bermeoko Udalak, Portuetako Zuzendaritzarekin lortutako akordioaren ostean, Martillo moilan ezarri duten aisialdirako gunea. "Urteetako herritar askoren demanda bati erantzuna eman" nahi izan zioten. Eta gaur bertan itxiko ditu ateak bainurako guneak. Udalerriko alkate Aritz Abaroak balorazio "oso positiboa" egin du eta datorren urtean, uda partean estrainekoz zabaldutako inguruneak izan duen harrera ona ikusirik, "arazo berezirik ezean, berriz zabaltzeko asmoa dagoela" adierazi du Udalak.

Hitzarmen baten bitartez lortu zuen Bermeoko Udalak gunea atondu eta ostean zabaltzea. Guztira, lehorreko eremurako 680 metro koadro mugatu dira uda honetan. Uretan, ordea, bainu eremurako 2.377 metro koadro gorde dira bertan igeri edo jolasteko eta gunea baliza bidez markatu da. "Gainera, bainu guneak Gurutze Gorriko sorosleak izan ditu eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:00etara eta pantalanean, erabiltzailea modu seguru eta errazean uretara sartu eta ateratzeko, eskailera bat ere jarri da".

Udalak, bestetik, hainbat ardura hartu ziguen Martillo moila zaintzeko. Xaboia erabiltzea erabat debekatu zuen eta hondakinak jaso eta dagokien lekuan uztea beharraz ohartarazi zuen. Hau errazteko, edukiontziak jarri zituen Udalak bertan eta egunero gunea garbitzeaz arduratu da. Era berean, bertara kotxez ez gerturatzea eskatu zuten. Era berean, koronabirusaren kutsaketak saihesteko neurriak bete behar zirela jakinarazi zuten. Moilan zein uretan, hartu beharreko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala bete beharko zirela gogorarazi zuten.

"Oso pozik gaude aisialdirako gune berriak izan duen harrerarekin eta, oro har, herritarrek egin duten erabilerarekin", Abaroak adierazitakoaren arabera. Izan ere, Aritzatxu bezalako hondartzaz gain, "bermeotarrok bainurako beste aukera bat izan dugu aurten. Gainera, aurtengo uda covid-19ak gogor markatu du eta herrian bainatzeko toki ezberdinak izateak asko lagundu du".

Bermeoko alkatearen esanetan. "Erabiltzaileek ekarpen asko egin dizkigute uda honetan zehar eta gure helburua herritarrei eskain-tzen dizkiegun zerbitzuak hobe-tzen joatea izanik, horiek kontutan izango ditugu datorren urteari begira, noski", gaineratu duenez. Hala ere, 2021ean beste behin negoziatu beharko dute Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendaritzarekin, lankide-tza berritze aldera.

Bermeoko portuko Martillo moilako aisialdirako guneak ateak itxita, "ostiraletik aurrera bainua, portu guztian bezala, debekatuta" egongo dela jakinarazi du, azkenik, Udalak.