- Ekainean zehar egin zen Lekeitioko Bono kanpainaren datuak eman dira jakitera orain dela gutxi. Eta herritarren onarpena jaso duela esan liteke. Izan ere, guztira 2001 bono jarri ziren bezeroen eskura "eta hauetatik %93a erabili zen". Udalaren iturrien arabera, "74.480 euro mugitu dira kanpainara atxikitutako saltokietan". Hala, herriko ekonomiaren berraktibatzearen aldeko kanpainaren "balorazio positiboa" egin dute saltokiek, zeren "bezeroek oso ondo erantzun dute". Udal ordezkariek ere arrakastatsu-tzat jo dute ekimena.

Bono kanpainak kontsumoan eragitea izan du asmo nagusi bezala, herriko merkataritzari beharrezko zuen hauspoa emateko. Udalaren datuen arabera, hasieran markatutako helburua bete da. Bai parte hartzaileen aldetik -Lekeitioko 42 saltokik parte hartu zuten kanpainan, horietako 27 Kittoko bazkideak-, baita erabiltzaileen artean ere. Kanpaina "Lekeitioko Udalak eta Kitto elkarteak elkarlanean egin zutela" gogorarazi dute. Udalerriko bizilagun guztiek erabil ditzaten bonuak izan dira, covid-19aren krisiagatik "herriko merkatari-tzaren salmentak indartu nahian". Bada, Lekeitioko Udalak esfortu berezia egin behar izan zuen. Izan ere, ekimena aurkezterakoan jakinarazi zutenez, toki administrazioak "laukoiztu egin du bere ekarpena 20.000 euroraino".