- "Zaborrik hoberena, sortzen ez dena". Mezu hau lau haizeetera hedatzeko helburua duen Zero Zabor Uretan kanpaina Ondarroara helduko da gaur, eta ostiralean -uztailak 10- Bermeoko portuan jarraituko du bere kostaldeko ibilibidea. Mater ontzi museo ekoaktiboa ardatz izanda, ekimenak portuetan diren itsas hondakinen arrantza egitea ahalbidetuko du.

Aurtengoan, hala ere, kanpainak "covid-19ak eragindako itsas hondakinen areagotzeak sortutako arazoez jabetzeko" baliagarria izango da, arduradunen esanetan. Izan ere, udaro egiten duten bidaiaren bitartez, kanpaina honen helburua "itsas hondakinen arazoa ikusaraztea da, jardueren bidez parte-hartzea sustatuz, kontzientziatuagoa eta ingurumenarekin konprometituagoa dagoen gizartea sortzeko". Horixe izango da Ondarroan zein Bermeon egingo dituzten ekintzen nondik norakoak. Portuetako zaborrak arrantzatzeaz gain, Mater on-tziaren bisitak beste ekimen batzuk izango ditu: Ondarroaren kasuan egunero -uztailaren 7an, 8an eta 9an izango da portuan- bisitak egiteko aukera eskainiko dute. doan, beti ere aldez aurretik hitzartuta. Bermeon ere hala izango da asteburuan zehar, igandean hartuko du ontziak Portugaleterako norabidea hartuko duen arte. Bestetik, itsasontzian bidaiatzeko aukera ere zabalduko dute, "nabigazio kolaboratibo" tankera, 50 euro ordainduta. Eta portuz portu erakusketak ere zabalduko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta beste zenbait erakundek -Kutxa Fundazioa eta Libera proiektuak, besteak beste- lagundutako ekimenak aurtengoan arreta berezia jarriko dio koronabirusak eragindako egoerari. Izan ere, koronabirusetik "eratorritako osasun-krisiaren esparruan, arazo hori areagotzen ari da, eta eragin larria du ekosistema naturaletan eta, ondorioz, pertsonen osasunean ere". Pandemia ekiditeko egunero erabilitako babesak "hondakin ugari sortzea dakar. Berrogeialdian kontsumoa igo egin denez, edukiontzi horian utzitako hondakinak %15 gehitu dira" eta.

Azkenik, "#EKINZeroZaborUretan sare sozialetan egingo den lehiaketa egongo da, gure eguneroko bizitzan, lanean edota komunitatean hondakinak saihesteko ideia eraldatzaileak bilatuz". Ideia irabazlearen saria "Mater ontzi museo ekoaktiboan lau pertsonentzako itsasora irteera izango" dela nabarmendu dute. Portu bakoitzeko jarduerei buruzko informazio guztia @matermuseoa ssre sozialetan eta www.zerozaboruretan.eus kanpainarako sortutako webgunean kontsulta daitekela gogorarazi dute.