- Hamar egun barru hasiko den boluntariotza-kanpaina antolatu du Urdaibai Bird Centerrek. Hezkuntza-programa lau txanda ezberdinetan egikarituko da, gehienez hiru pertsona jasoz txanda bakoitzean -orotara 12 izango dira-, eta helburu nagusi bat izango du ekimenak: “ingurumenarekin eta naturako turismoarekin lotutako arloetan pertsonak prestatzea eta heztea, horrela, ingurumen-hezkuntzaren, ekoturismoaren eta ikerketan gaitasunak gara ditzaten”. Beraz, Urdaibaiko Biosferan trebatzeko aukera paregabea eskaintzen du Urdaibai Bird Centerrek, bide batez zentroaren ekimenetan parte hartuz.

Uztailaren 15ean hasita, irailaren 15era arte garatuko da boluntario-tza-programa. Urdaibai Bird Centerren bertan egingo dute lan parte hartzen dutenek, Gautegiz Arteagako Oruetako hezegunearen ondoan kokatzen den eraikinean. Baina boluntariotza-kanpaina ez da eraikinean bisitariak hartzera mugatuko -urtero ia 40.000 pertsona hartzen ditu zentroak bere eraikinean-, Biosfera Erreserban garatzen diren programa eta ikerketetan ere egingo dutelako lan. “Boluntarioek funtsezko eginkizunak izango dituzte”, diotenez. “Bisitariei informazioa eta arreta emateko jarduerez” gain, ingurumen-hezkuntza eta Urdaibaiko naturabaliabideen dibulgazioan arituko dira. Bestetik, padurako hegaztiak behatzeko eta interpreta-tzeko jarduerak egingo dituzte, “hegaztien jarraipen eta monitorizazio proiektuetan parte hartuko dute eta habitataren kudeaketarekin lotutako proiektuetan” ere izango dira parte. Besteak beste, hainbat proiektutan dira Urdaibain aritzen diren ornitologoak murgilduta. Arrano arrantzalearen berreskuratze ekimenean dihardute -2013an askatu zituzten Eskoziatik ekarritako lehen arranoak-, nazioarteko sareetako parte dira -Frantzia, Ingalaterra edota Espainiako beste zentro batzuekin-, Oruetako paduretako hegaztien zentsoa egiten dute urtero-urtero edota hezkuntza ekimenetan aritzen dira, Busturialdeko zein Euskal Herri osoko ikastetxeekin lankidetzan.

Urdaibai Bird Centerrek ezagutza, hizkuntzak, azken urteetan izandako lan esperientzia, eskarmentua edo natur-zientziei lotutako ikasketak hartuko ditu kontutan boluntarioak hautatzerako orduan. “Zergatik parte hartu nahi den; esperien-tzia eta ezagutzak ornitologian, ekologian eta ingurune naturalean: jendearen arretarako esperien-tzia; hizkuntzen ezagutza (euskara, ingelesa, frantsesa, eta abar); edota Urdaibaiko Biosfera erreserbako natura-balioei buruzko ezagutzak izatea” baloratuko dituzte. Jakinarazi dutenez, izena emateko epea uztailaren 10ean amaituko da, “eta hautatuei egun bat beranduago jakinaraziko zaie” noluntariotza-programako parte hartzaile direla.

“Kanpainan parte hartzen duten pertsonek Urdaibai Bird Centerren instalazioetan ostatu hartzeko aukera izango” dutela adierazi dute Urdaibai Bird Centerretik. Bada, “mantenua eta joan-etorriak boluntarioaren kontura izango dira”. Zentroaren inguruan, gainera, “aparteko edertasuneta berezitasun-lekuak bisita daitezke: Santimamiñeko hai-tzuloa, Ogoñoko kostaldeko itsaslabarrak, Laidako hondartzak, artadi kantauriarra, landazabal atlantikoko paisaiak…”.

Eskainiko diren txandei dagokionez, hiru pertsonak osatuko dituzte gehienez. Hauexek izango dira: uztailak 15etik 31ra; uztailaren 31tik abuztuaren 15era; abuztuaren 15etik 31ra; eta abuztuaren 31tik irailaren 15era. “Boluntariotza amaitutakoan, parte-hartzaileek boluntario-tza-aldian egindako lanen gaitasun ziurtagiria jasoko dute”, diotenez. Azkenik, Urdaibai Bird Centerreko arduradunek parte hartzera anima-tzeko deia luzatu dute, aukera ezinhobea eskaintzen dutelako Biosfera Erreserban murgiltzeko.

Hautatze-prozesua

Txandak. Gehienez hiru pertsona hartuko dituzte lau txandatan. Hauek uztailaren 15etik 31ra, uztailaren 31k abuztuaren 15ra, abuztuaren 15etik 31ra eta abuztuaren 31tik irailaren 15era izango dira.

Eginkizunak. Boluntarioek ingurumen-hezkuntza eta Urdaibaiko natura-baliabideen dibulgazioan arituko dira, baita padurako hegaztiak behatzeko eta interpretatzeko jardueretan, hegaztien jarraipen- eta monitorizazio-proiektuetan eta habitataren kudeaketarekin lotutako ekimen ezberdinetan.