BERMEO. Koronabirusaren krisialdiak herriko saltokietan egindako kalte ekonomikoak arintzeko asmoz, Bermeoko Udalak 'Nik, BermeON' kanpaina plazaratuko du. Horren bitartez, 67.500 euro bideratuko dira urtea amaitu baino lehen 7.000 bonu egitera. Bonu horiekin herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresetan erosi ahal izango da, krisialdiaren inpaktua ahalik eta gehien gutxitzeko.

Bermeoko ekonomia berraktibatzea helburu duen 'Nik, BermeON' ekimenaren barruan garatuko den bonuen kanpainak hainbat berritasun izango ditu. Alde batetik, 7.000 bonuak ez dira batera salgai jarriko. Hilabete bakoitzean 1.000 kaleratuko dira, lehenbizikoa (ekaina) kontutan izan gabe. Izan ere, lehen hilabetean 2.000 jarriko dira salgai. Gainera, hilabete bakoitzean erosten diren bonuak, hilabete horretan erabili beharko dira. Ezingo dira beste hilabete baterako gorde. Informazio guztia erositako bonuan agertuko da erabiltzaileak baldintzak garbi izan ditzan. Hilabete bakoitzean, gehienez, 4 bonu erosteko aukera egongo da. Izan ere, urte osora zabaldu den ekimena da bonuena, besteak beste, helburua herritarrak Bermeoko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan urte osoan zehar kontsumitzera bultzatzea baita.

Herritarrak, hiru bonu mota aurkituko ditu: 4 eurokoa (6 euro izango ditu gastatzeko), 10 eurokoa (15 euro izango ditu gastatzeko) eta 20 eurokoa (30 euro izango ditu gastatzeko). Hori bai, erosketa bakoitzean, gehienez, bonu bi erabili ahal izango dira eta, gainera, bonu guztiek ez dute balioko parte hartu duten establezimendu guztietan. Merkataritza eta turismoko enpresetan 15 eta 30 euroko balioa duten bonuak erabiliko ahal izango dira eta, ostalaritza establezimenduetan, berriz, 6, 15 eta 30 euroko balioa dutenak.

Esan bezala, kanpaina honetan herriko merkatari, ostalari eta turismo enpresek hartuko dute parte. Guztira, 101 establezimendu izango dira eta hauek zeintzuk diren jakiteko bi aukera egongo dira: webgunea kontsultatzea edo dendak bereizgarria duen edo ez ikustea.

Bonuak erosteko aukera bi egongo dira: Kutxabankeko SEJ terminalean (Bermeoko kasuan Lameran dagoen bulegoan) edo modu digitalean (Bermeoko webgunean jarritako loturaren bitartez). Kutxabankeko bezeroentzako ez du inolako gain kosturik izango, gainerakoentzat, bonu bakoitzeko, 0,73 euro.

Hala ere, kanpaina honetan parte hartzeko aukera ez dago itxita. Izan ere, Bermeoko Udalak kanpainara gehitu nahi diren establezimenduentzat izena emateko beste epe bat zabalduko du abuztuaren 3tik abuztuaren 17ra bitartean (biak barne). Bigarren txanda honetan parte hartzea erabakitzen dutenek irailerako, urrirako, azarorako eta abendurako izena emango dute.

Aipatu beharra dago, kanpaina hau bateragarria izango dela Bizkaiko Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak helburu berarekin egiten duten edozein kanpainarekin. Hau da, erosketa berean beste erakunde batzuetako bonuak erabili ahal izango dira.