- Koronabirusak eraginda, Euskadiko hainbat liburutegik ateak itxi behar izan dituzte, Bermeoko Udal Liburutegia tarteko. Baina herritarrek zerbitzu berria izango dute. “Izan ere, gaur egun bizi dugun egoera dela eta, herriko liburutegia itxita dago”, baina “bertako liburu eta filmak etxeetara bidaltzeko eta erabiltzaileen eskura” jarriko dituzte, Maileguak eta itzulketak etxean izenburupeko ekimen berrian.

“Liburu eta filmen bilketa ere etxeetan egitea ahalbidetuko du ekimen honek. Beraz, liburutegiaren erabiltzaileek eskariak egin ahal izango dituzte” bermeotarrek. Udaleko bozeramaileek adierazitakoaren arabera, eskaerak astelehenetik ostegunera bitartean egin ahal izango dira, 9:00etatik 14:00etarako ordutegian. “Horretarako, telefonoz (946179151) deitu edo posta elektronikoa (liburutegia@bermeo.eus) bidali” beharko dela gaineratu dute.

“Liburuak zein filmak hartu ahal izango dituzte maileguan herritarrek. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean begiratu eta izenburu zehatzak eskatu daitezke, baina eskatutako edukiak Bermeoko Udal Liburutegian erabilgarri egon beharko dira, liburutegi arteko mailegurik ezin baita egin. Bestalde, erreserbak ezin izango dira egin”. Liburuen banaketa ostiralean egingo da eta, lehendik hartutako argitalpenen itzulketak, berriz, asteazkenean egingo dira. “Programa honen helburu nagusia da liburutegian dagoen materiala herritarren eskura jartzea, irakurketa bultzatuz eta filmak modu errazean eskuragarri jarriz”, zehaztu dutenez.