- Markina-Xemeingo Udalak 2020ko Karmen jaiak "orain arte ezagutu ditugun moduan" bertan behera uztea erabakia hartu berri du. EAJk eta EH Bilduk adostu dute neurria, zeren eta "gaur gaurkoz jaiak arriskurik gabe ospatu ahal izateko segurtasun eta higiene neurriak bermatuta ez daude". Hala ere, uztailaren 15etik 19ra arteko festa egun horietan "bestelako ekimenak antolatzea da Udalaren asmoa, beti ere momentuko egoera kontuan edukita".

Udalak uste du "ez litzatekeela arduratsua" izango jaiak bere horretan mantentzea", batez ere "jendearekiko arduragatik eta osasun publikoa bermatzeko". "Oso zailtzat" jo dute jaiak bertan behera uzteko erabakia hartzea, "Karmen jaiak urteko ekitaldi garran-tzitsuena eta pizgarri ekonomiko handia direlako herrian". Jaien eredua birpentsatzeko momentua helduta, "ekintza desberdinak antolatzeko herriko taldeei proposamenak ere eskatu zaizkie jada eta Uhagon kulturgunearekin elkarlanean aritzeko asmoa daukate udal ordezkariek.