- Koronabirusak sortutako osasun egoera dela eta, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak ezin izango du aurten bere 31. edizioa bete. “Uztailaren 9tik 12ra egin beharreko jaialdia egitea ezinezkoa da egun bizi dugun egoera honetan, izan ere gogora dezagun urtero 20.000 ikusletik gora biltzen direla jaialdian zehar”, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Nahiz eta prestakutza lanak eginda zituzten, “bertan parte hartu behar zuten konpainia eta kolektiboak aukeratuta” baitzeuden, ez da aurtengo udan Kalekarik izango. Lea-Artibain egiten den arte festibalik handiena dena, eta Euskal Herriko kale ikuskizunen jaialdi handienetakoa dena, 2021. urtean bueltan izango dela baieztatu dute. Uztailean egin beharreko zen edizio berria bertan behera uzteko erabakia hartuta, “hala ere, hurrengo urtean, egoera hobea izango delakoan, jaialdiak bere ibilbidea berhartuko du inoiz baino gogo gehiagorekin”.

Kultur egitasmo esanguratsua izanik, “deialdi irekian aurkeztu ziren 500 taldeetatik 20 izan ziren aukeratuak. Jatorri ezberdineko ikuskizunak aurreikusten ziren, besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta, noski, Euskal Herritik” etorritako konpainia eta kolektiboak. “Eta jarduera guzti hauek uztailaren 9, 10, 11 eta 12an zehar banatuko ziren eta eduki, formatu eta hizkuntza ani-tzetako dantza, zirkua, clown, keinu-antzerki, esperimentazio espazioa edota piroteknia ikuskizunen bidez. Baina zoritxarrez ezin izango ditugu ikusi”. Ez da lehen aldia Kaleka bertan behera uzten dena. Izan ere, “aurtengo jaialdia bertan behera geratzen den bigarren aldia izango da, 1995eko edizioa eta gero”. Bada, beste arrazoi bategatik izan zen: “Garai horretan zegoen krisi ekonomikoa izan zen jaialdia ospatzea galarazi zuena”.

Penaz jaso dute Lekeitio eta lekeitiarrek albistea. Jaialdi soila baino, Kaleka “gure herriaren nortasunaren parte da, urtero milaka pertsona gurera erakartzen dituena. Kultura arloan ere sekulako aberastasuna eskaintzen digu, beste modu batean ikusi ezingo genituen ikuskizunak gurera ekarriz. bestetik, “inpaktu ekonomikoaz ere solastu da antolakun-tza. “Oso altua da, gure ekonomian eragin zuzena izaten baitu. Urtean zehar herrian egiten den ekitaldi garrantzitsuenetako izanda, ostalaritzan, merkataritzan eta abarrean ere” egiten duen ekarpena oso inportantea da. “Lekeitioko markaren parte ere bada” festibala.