- Udaleko bulego lanak egunean-egunean eginda ere,astia izan du kalera irten eta herrian zehar desinfektagailuaz aritzeko. Azkenaldian “topera” dabil Magunezelaia.

Herri txikiek, handienen moduan, koronoabirusaren eragina paira-tzen dute. Hala da Foruren kasuan?

—Denok moldatu behar izan gara egoera berrietara. Egun batetik bestera aldatu dira gure bizitzak. Herri txikia izatea, larrialdiari aurre egiteko mesedegarri izaten ari da. Herritarrenganako dugun gertutasunak, beharrizanak dituzten pertsonei, zuzenean behar duten neurriko babesa ematen laguntzen digu.

Larrialdian diren horiek babestea da lehentasuna? Busturialdeko erakundeekin batera ari zarete?

—Ezin dugu inor atzean utzi. Lehentasuna ahulenak laguntzea da eta horretarako ez gaude bakarrik, Aldundiaren Bizkaia Gara plana martxan da. Konfinamenduko lehen egunetan, bakarrik bizi diren nagusien zerrenda egin eta ordutik banan banan deitzen ari gara beharrizanak identifikatzeko. Udalaren jarraipen honek Busturialdeko Gizarte Zerbi-tzuen eta Gurutze Gorriaren lana errazten du, pertsona nagusiei elikagaiak eta medikamentuak etxeraino eramateko.

Zer neurri hartu dituzue?

—Udalak hiru lehentasun izan ditu: Nagusien egoitza, langileen segurtasuna eta desinfekzioa. Hasieratik, positiborik gabe jarraitzen duen Foruko nagusien egoitzako zuzendaritza eta Udalaren arteko komunikazio iraunkorra ezarri genuen. Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez, nagusien egoitza bere osotasunean, kanpotik eta barrutik, desinfektatzen ari gara astero. Bestetik, herritarrak babesteko langileen segurtasuna ezinbestekoa da. Babes, segurtasun eta prebentzio-materialak, eskuratu bezain laster banatu dizkiegu herritarrekin harremanetan dauden langile guztiei, eta baita gaixo larri eta ahulenei ere. Udal brigada izugarrizko esfortzua egiten ari da, astero herriko portal, farmazia, kale eta zabor-bilketa puntu guztiak desinfektatzen. Foruko hondakinak kudeatzen dituzten enpresek ere, edukiontzien aldiaroko garbiketa eta desinfekzioa indartu dutuzte.

Udalak ere eragin ekonomikoa jaso lezake. Proiekturik utziko duzue alde batera?

—Zorionez Udalaren egoera ekonomikoa oso ona. Zorrik gabeko udalerria gara eta 475.000 euroko remanente edo diru-poltsa izateak egoera hobeto gainditzen lagunduko gaitu. Larrialdi egoera honek, ekonomikoki eragingo digu eta errealitate berri honen aurrean sortutako beharrizan larriei erantzutea da lehentasuna. Esku arteko proiektu gehienek ere, lehentasuna daukate eta orain arteko moduan, emandako hitza betetzearren jarraituko dugu lanean.

Oraintsu sinatu duzue ‘Danon artean’ ekimena. Busturialdean bizi garenok etorkizunari itxaropentsu begiratu behar diogu?

—Indarrak batu eta elkarlanean ari-tzeko apustua egin dugu. Eskualde mailako instituzio, erakunde, elkarte eta eragileak batu eta denon artean, norabide berdinean egin behar dugu arraun, bizitza soziokultural eta ekonomikoa berreskuratzeko. Konpromiso kolektibo honen helburua, proiektu eta ilusio berriak sortzea da, bertoko biztanleen ongizatea eta etorkizuna bermatzeko.

Azkenik, zer mezu helarazi nahi diezue Udaletik forutarrei?

—Ez daudela bakarrik, Udalaren lana ez da behin ere gelditu eta bere esku dauden medio guztiak forutarren zerbitzura jarri ditugu. Indarra eta esker ona. Forutarren eta bertoko langileen kontzientziazio maila eta jarrera ona eredugarriak izaten ari dira. Gaur arteko moduan, denok batera eta elkarturik mantentzen bagara, sakrifizio guzti honen ostean, irabaztea lortuko dogu.

“Herritarrenganako dugun gertutasunak, beharrizanak dituzten pertsonei zuzenean behar duten neurriko babesa ematen laguntzen digu”