Lekeitio - "Indarkeria matxista, fisikoa, psikologikoa zein sexuala, egungo gizarteak bizi duen gaitz larria da, emakumea izateagatik gertatzen dena". Eta nahiz eta administrazio publikoek esfortzuak egin berau errotik ezabatzeko, kasuak urtero pilatzen jarraitzen dute. Lekeitioren kasuan, "iazko urtean emakumeen aurkako indarkeriaren 19 kasuren berri eman" zela adierazi dute Udaleko bozeramaileek. "Horien artean gainera, adin txikiko hiru neska" daudela ezagutarazi dute.

Ertzaintzak, Arreta Psikologikoak, Osakidetzak eta Arreta Juridikoak jaso zituzten kasu hauen berri. "Urrutiko gaia dela uste dugu askotan baina gure senide, lagun, ezagunak, hurbilekoek ere jasaten" dutela nabarmendu dute Udaletik. Hori dela eta, "errealitatearen berri eman eta arazo larri honetaz kon-tzientziatzeko, Lekeitioko Udalak indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, gure herrian ere honelako kasuak daudela ezagutzera emanez".

"jarrera aktiboa" Zineman eta udaleko sare sozialetan zabalduko den spot bat sortu da "helburu argi batekin: indarkeria matxistaren kasuak Lekeition ere ematen dira, eta hauen aurrean jarrera aktiboa izan behar da, gizarte honek bizi duen gaitz hau salatu eta biktimak babestuz". - I. F.