MEMORIA historikoaren atal garrantzitsu dira, nahiz eta luze eta zabal ikertu ez den esparrua izan den. Baina egunkariek Gerra Zibileko gertakariak bineten bidez irudikatu zituzten. Eguneroko bizipenak, bonbardaketak, pertsonaia nagusiak, gertakariak, egoera politikoa... Asko izan ziren egunero tratatuko gaiak. Eta ikusgai dira Gernika-Lumoko Bakearen Museoan, uztailera arte erakusgai izango den mostra baten bitartez. Aline Soberon eta Txema Uriarte historialariek egina, 1936 eta 1937 urte latzetako kontakizunen bilduma da.

Oroimenerako binetak. Euskadin gerrak iraun zuen garaian Bilboko egunkarietan argitaratutako binetak (1936-37) du izenburu erakusketak; Soberon eta Uriarte historialarien komisariotzapean. "Ikerketa sakon baten emaitza da: euskal lurraldean gerrak iraun zuen 11 hilabeteetan Bilboko prentsan agertutako binetei buruzkoa", Bakearen Museotik adierazitakoaren arabera. Izan ere, 2016an hasitako ikerketa baten fruitua da. "Orduantxe hasi ginen Txema eta biok binetak errekuperatzen". Hala dio Soberonek. "Erakusketa eta egin dugun liburuarekin, hala ere, binetista horiek egindako lana azalarazi nahi dugu. Beraiek dira protagonistak. Guk omenaldia baino ez diegu egiten". Lehendabizi Bilbon aurkeztua, gerora Enkarterrietako Museoan ere izan zen ikusgai. "Eta orain Gernikara dakargunak ia 40 irudi ditu, beti ere hiru esparru desberdinetan banatutakoa: bonbardaketak, nazioarteko egoera eta eguneroko bizitza".

Soberonek eta Uriartek egindako ikerlanak milatik gora irudi erreskatatu zituen, artxiboetan buru-belarri murgilduta ibili ostean. Eta horietako 300 inguru Soberonek berak bermarraztu behar izan zituen, bana-banan, "zeuden egoera txarragatik". Lan eskerga eginda, bidean liburu bat publikatzeko aukera ere izan dute. Oroimenerako binetak izenburupean argitaratu zuten. Bakearen Museoak bertan batutako hainbat irudi jarri ditu bisitarientzat ikusgai, erakusketetarako gunean. "1936ko gerran, prentsa premia-premiazkoproduktu bilakatu zen. Errazionamendua non banatzen zen, zer babesleku antiaereotara joan, edota semearen, mutil-lagunaren edo senarraren berri jakin nahi izanez gero, egunkaria erosi beharra zegoen. Eta garai hartako Bilboko egunkarietan binetak ugaritu ziren", erakundetik azaldu dutenez. "Nola ez, Gernika ager-tzen da bineta hauetan. Herri horren bonbardaketa bidegabeak eta justifikaezinak gerra egiteko modu berri bat agertzen du, gaur egunera arte iraun duena gainera. Arrazoi asko direla eta, Gernika ikur bat da askatasunaren bila buru-belarri dabiltzan pertsona eta herrientzat".

"Garai horretako binetistek memoria historikorako geratu den lana egin zuten, eta berau errekuperatu beharra zegoen", Soberonen aburuz. Gehienak ezker aldeko egunkarienak ziren -Euzkadi Roja, CNT del Norte edota Lucha de Clases-, baina baziren baita nazionalista kutsua zutenak -Eguna, Tierra Vasca, Euzkadi, Euzko Langile...-. Hala egin dute erakusketan, beti ere "umorea eta tragedia uztartzen dituztela kontutan hartuz. Bineta horiek ez dira txiste soilak, baizik eta gerra bati lotutako kontuak ematen dituzte aditzera". Eta "editorial funtzioa betetzen zuten, oso garrantzitsuena zena".