Lasterketa solidarioa

Bermeoko XVI. Herri Lasterketa ospatuko da hurrengo igandean

22.01.2020 | 13:21

BERMEO. Hurrengo igandean, hilak 26, Bermeoko XVI. Herri Lasterketa ospatuko da. Ekintza solidarioa da, eta jasotako diru guztia Asparbi elkartera bideratuko da. Taraska Gazte-Zahar taldeak eta Bermeoko Udalak antolatutako lasterketa honetan parte hartu nahi duten pertsonak izena eman ahal izango dute Araneko kiroldegian gaurtik aurrera eta lasterketaren egunera arte, goizeko 10:30ak baino lehen. 

Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza honek 4 kategoria izango ditu: 'Umeak', 'Txikiak', 'Gazteak' eta 'Nagusiak'.

  • 'Umeak' kategoria: 3-6 urte. 100 metroko ibilbidea. 12:40ean hasiko da.
  • 'Txikiak' kategoria: 7-10 urte. 800 metroko ibilbidea. 12:10ean hasiko da
  • 'Gazteak' kategoria: 11-14 urte. 1.500 metroko ibilbidea. 12:00etan hasiko da
  • 'Nagusiak' kategoria: 14 urtetik gora. 7.200 metroko ibilbidea. 11:00etan hasiko da. 11-14 urte bitarteko gazteak lasterketa nagusian parte hartu dezakete, betiere pertsona nagusi baten ardurapean edo gurasoen baimenarekin.

'Umeen', 'Txikien' edota 'Gazteen' kategorian parte hartu nahi duten pertsonek euro 1 ordaindu beharko dute. 'Nagusien' kategoriakoek, berriz, 2 euro. Aurten ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio eta lasterketa egunean eraman beharko du. Hala ere, informazio gehiago nahi duenak www.bermeo.eus webgunean edo Araneko kiroldegian eskuratu ahal izango du.

Lasterketa bukatu ondoren dutxatzeko aukera egongo da Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. Gainera, ibilbidean zehar ura edateko postu bat ere jarriko da, korrikalariek hidratatzeko aukera izan dezaten. Bukatzeko, lasterketa bukaeran BM supermerkatuak prestatutako opari-poltsa bana eskainiko zaie parte hartzaile guztiei eta Bermeoprint-en ere opariak banatuko dira.

Helburu nagusia

Bermeoko XVI. Herri Lasterketaren helburu nagusia da herritarrak kirol jarduerarekin sentsibilizatzea. Horretarako, ohitura osasungarriak zabaldu nahi dira eta kirola egitea horren parte oso garrantzitsua da. Bermeoko Udaletik zabaldu nahi da kirola egitea ez dela federatuen gauza bakarrik eta horregatik 'konpetizio' ezaugarria 'populartasun' ezaugarriarengatik ordezkatu da.