ORAIN 25 urte ekin zioten bideari, antzina udaletxeko etxabean. Ordutik gaur egunera arte, hainbat aldaketa jasan ditu Mundakako Jose Manuel Etxeita liburutegiak. Ez bakarrik lan izateko eran, Matadero eraikinera lekualdatzean, teknologi berrien garapenean edo egunero bertara irakurtzera edo ikastera doazenekin tratuan. Baizik eta ibilbidea egitean helburu finko bat izan dutelako: “egindako guztiarekin, egiten dugun guztiarekin eta etorkizunean egingo dugunarekin irakurlearengana hurbiltzea” dute jomuga nagusia. Espresuki antolatutako egitarauarekin ari dira urteurrena ospatzen egunotan.

Ane Ortube eta Biotza Atela bermeotarrak dira liburutegiaren arduradunak. Eta hasieratik izan dute argi irakurleak -eta kultura zaleak, orohar- liburutegira erakartzeak berebiziko garrantzia zuela. Eta duela. “Lehenik eta behin udaletxe azpian, eta gero hona etorri ginenean, kontua da gauzak asko aldatu direla. Eta gu beti saiatu garela beharretara egokitzen”, diotenez. Hala, lehendabiziko erronka Matadero -abereak hiltzen zen eraikin historiko eraberritua- eraikinera moldatzea izan zen. “Liburutegi zaharra lekualdatu behar izan genuen, espazio berrira egokitu, liburuak ekarri genituen hainbat egunetan, apaletan jarri... Lan handia eta gogorra izan zen, nahi kostatu zitzaigun”. Lan horrek, hala ere, ordaina izan du. Jose Manuel Etxeita liburutegia, portuan kokatutako, gaur egun mundakarrek gehien estimatzen duten zerbitzuetariko bat da. “Saiatzen gara irakurleari laguntzen, nahi dituen liburuak eskura-tzen. Askotan ere, gomendioak ematen. Gustora egiten dugu”.

Euskadiko Liburutegi publikoak batzen dituen eLiburutegiaren plataformaren sorrerak, eta baita filmen gaineko eFilmak, “erabat aldatu” du lan egiteko era. “Milaka liburu ditugu orain eskuragarri, nahiz eta herri txiki bateko liburutegia garen. Beharrezko denean, eakatu eta ekartzen digute. Mezularia astero pasatzen da bertatik”. Lan gehiago suposatzen du, baina “izugarri” laguntzen die tresna honek euren zereginean. Bestetik, Mundakako liburutegia ez da bakarrik “liburuak dauden leku bat”. Azkenaldia, izan ere, beste hainbat euskarri dira erabilgarri. Batez ere umeak dira DVD eta CDak eskatzen dituztenak, eta adinez nagusiagoak direnek liburuak dituzte gogokoen. Publiko zabala dutelarik, “asko dira egunero etortzen direnak. Aldizkari eta egunkariak irakurtzeko, ikasteko, ordenagailuetan aritzeko... Erabiltzailearen profila oso zabala” dela diote. Eta azken urte honetan erakina handitu dute, izan ere, beheko solairuan ikasteko gela sortu dute.

Mundakako liburutegia askotan irten da kalera. Adibidea da udan jartzen duten postua, Txorrokopuntan -bainulari gehien dauden txokoa-, “irakurleengana hurbilduz”. Eskola publikoarekin ere, lan partekatua egiten dute. Liburuen aurkezpenak -batez ere mundakarrek eginiko horienak- antolatu dituzte. Liburutegiari izena ematen dion herriko Jose Manuel Etxeita idazleari buruzko jardunaldiak antolatu izan dituzte. “Kontua da kultura agenda ere lantzen dugula, Mundakari eskaintza emanez”.

Mende laurdena beteta, oraindik ez da ospakizunaren egitaraua amaitu. Izan ere, eta Dragoi Bola talde irakurketa bezalako ekintzak egin ostean, astearteko Euskararen Nazioarteko Egunerako Lankuren Bertsol Haritza saioa antolatu dute, 14:30etan, eskolako umeentzako. Ostegunean, abenduaren 4an, helduei zuzendutako liburutegiko bisita gidatua egingo dute. Eta, azkenik, abenduaren 5an Por Up 3D tailerra izango da, sei urtetik gorakoentzat, 18:00etatik 20:00ak arte.