GERNIKA-LUMO. Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñoren hitzetan, “herrian kirol ekipazio onak izatea dugu jomuga. Eta Urbietan egingo ditugun lanekin lortuko dugu. Milaka pertsonak egiten dute kirola Gernika-Lumon, eta instalazioak txukun edukitzea berebiziko da gure udal gobernuarentzat”. Hala, ekingo zaion lehen ekimena hegoaldeko futbol zelaiaren egokitzapena izango da, 343.880 eurotan. Belar artifizialeko soropila aldatuko da eta berritzeaz gain, lurzorua bera egokituko da, desnibelak baititu eta horrek eragozpenak sortzen ditu. “Euria egin izan duenean putzuak agertzen dira eta beharrezkoa da berritzea, urteak ere badirelako eraiki zenetik”, Gorroñoren aburuz. Ehunka kirolari aritzen dira egunero zelai horretan, hiru futbol elkartek konpartitzen duten kantxan.

Urbietako zelai nagusiari dagokionez, aurreko legegentzaldi baten hasi eta amaitu gabe geratu zen harmaila eraitsiko dute. “Bere garaian egin zen, baina lanak gelditu zituzten, ibaiarekin beharrezko den legezko distantzia ez errespetatzeagatik”. Hori dela eta, bai Kosten Mugapena eta baita Uraren Euskal Agentzia urteetan aritu dira negoziaketetan Udalarekin, egitura hori behin betirako desagertaratzeko. “Eta aurten egitea espero” dutela esan du Gorroñok”. Lanak asteon adjudikatu dira, 43.820 eurotako kostuan.

Aurrekontua egiterakoan Udalak ireki ohi duen parte hartze prozesuaren baitan, bost frontoietan padel pistak jartzea izan zen Udalak onartutako eskakizunetako bat. Hala egingo dute. “Hainbat dira Lemoa edo Amorebietako padel pistetara joaten diren gernikarrak eta beharrezkoa ikusi dugu hauek herrian jartzea”. Egoeraren analisia egin ostean, iparralderako orientazioa duten bi frontoi txikietan -erabiltzaile gutxien aritzen direnetan, zehazki- beste hainbeste padel pista ezarriko dira. Alkateak esan du ez dutela edifikazio berririk egin beharko, “baizik eta dagoena moldatu. Etorkizunean erabilgarri izango diren pisten kudeaketari dagokionez, Udalaren Kirol Patronatoak” egingo duela iragarri du.

Azkenik, beste 159.077 euro inbertituko dira 1974an eraiki ziren frontoien estalkiaren egoera hobe-tzeko. “Kirol instalazioen erabiltzaileen segurtasuna bermatzea gure ardura da, eta azkenaldian itoginak agertu dira, nahiz eta egoera onean dagoen. Hori dela eta, 1.702 metro koadroko estaldura berrituko dugu”. Udalak ez du proiektuen egutegia zehaztu nahi izan, lanen adjudikazioak kudeaketa administratiboaren arabera konpontzen joango direlako. Baina “proiektu guztiak aurtengoan adjudikatuta izatea” espero du Gorroñok.