Markina-Xemein - Talentatu programak segida izango du ikasturte honetan. Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Azaro Fundazioarekin elkarlanean, jarraipena emango dio ekimenari 2019-2020 urteen bitartean. Pasaden ikasturtean ekintzailetza eta talentua detektatzeko egitasmoa 15 ikastetxeteako 2.000 ikasle ingururengan zientziak, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak bezalako ikasgaiak sustatu zituen, “eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria nolakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz”, antolatzaileen esanetan. “Busturialdea eskualdean ere egitasmo berbera landuko da, lehen aldiz”, zehaztu zutenez.

“LH1eko ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heldu zen egitasmoa”, hainbat ekimen desberdin garatu zituena. Eskualde bietako kooperatibak batzen dituen mahaiak azaldutakoaren arabera, “kooperatiba eta enpresetara bisitak, hitzaldiak, egun bateko egonaldiak kooperatibetan, herri trukaketak, ikastetxeetako orientatzaileentzako bisitak enpresetan, 2019-2020 ikasturterako erronka berrien diseinuak, enpresa eta kooperatibetako langileen bisitak ikastetxeetan” ospatu ziren, eta bukatzeko Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatu zen. “Jardunaldi hori LH6ko ikasleei zuzenduta egon zen, eta 250 ikasle inguru bildu ziren zientzia, matematika, teknologia, robotika eta sormen tailer ezberdinetan parte hartzeko”. Jardunaldi zehatz horretan “alor horietako gaiak landu eta interesa piztea helburu hartuta, eta taldeka banatuta, ikasleek tailer ezberdinak frogatzeko aukera izan zuten”. Eta “arretaz eta pozik jarraitu zituzten erronka ezberdinak eta gehiago gozatzeko gogoz gelditu ziren”.

Ikasleengan eragina izan nahi du Talentatu programak. Baina baditu beste oinarri batzuek. “Eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkun-tza ibilbide guztian zehar txertatuz”. Bada, ikasleak lanera kanpora atera beharrean “eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da”.

Interesgarria Talentatu programaren bigarren edizioari dagokionez, lehenengoan lortutako arrakastak ekimenaren segida ahalbidetu du. “Lehenbiziko edizioaren balorazio oso positiboa egin zuten”; hori dela eta, eta “nahiz eta lan asko eskatzen duen proiektua izan, ikasle, enpresetako langile eta antolatzaileek ezinbestekoa” ikusten dute ekimenari jarraipena ematea. “Elkar ezagutu, zubiak eraiki eta etorkizuna lantzeko modu interesgarria” dela deritzote bere antola-tzaileek.

Orain dela urte bi jarri zuen martxan talentatu programa, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Azaro Fundazioa eta Lea-Artibaiko ikastetxeen arteko elkarlanean. “Eskualdeko eraldaketa sozialerako proiektuak elkarlanean garatzea” zuten helburu nagusi, eta “hortik sortu da Talentatu proiektua, hain zuzen ere”.