SORTU zen garaietatik gaur eguneraino, bere hurbileko gizartean eragiten jardun izan da Lekeitioko Uribarren Abaroa Fundazioa. Lekeitio eta Lea-Artibai eskualdearen ongizatea ditu jomuga, aurten bete dituen 150 urteko ibilbidean. Jose Javier de Uribarrenek eta Pascual de Abaroak sustatua, hasieran gaixo zein behartuei lagun-tza emateko zentro izan zen, urteak pasata umezurtz-etxe ere izan zelarik. Azken hamarkadateko “gizartearen beharretara egokituta”, fundazioaren muina eraldatu eta 1978an hirugarren adinekoen zentro bilakatu zen. Egotetxe eta eguneko zentro, ordutik gaur egunera gizarte-lagun-tzan dihardu. Egindako lan oparoaren aitortza jasoko du bihar, “egoliar eta euren familientzat” antolatutako ekitaldi baten bitartez.

Irabazi asmorik gabeko erakundeak bere ateak zabalduko ditu larunbat goizean, “fundazioko kideak, erabiltzaileak eta senitartekoak” izango dituelarik protagonista nagusiak. Eguerdian eukaristia, koralaren emankizuna, aurreskua eta kopaua izango dira programan. “Ekitaldi xumea izango da, baina guretzat hunkigarria”, hirugarren adinekoen zentrotik deritzotenez. Inguruko Udaletako arduradunak eta Bilboko gotzai Mario Iceta bertan izango dira. Ez da urteko ekitaldi bakarra izango, lehendabizi margo lehiaketa antolatu zutelako eta urrian jardunaldi mikologikoak antolatuko dituztelako.

Guztira 89 ohi dituen Uribarren Abaroak -eta beste 20 eguneko zentroan- hala ere beti izan ditu ateak zabalik. Hare gehiago azken urteotan, non herriarekin loturan sakontzen aritu den. Bere gizarte-proiektuen errepasoa egitea besterik ez dago honi erreparatzeko. Elikagaien Bankuaren laguntzaile, hainbat ekimen garatu dituzte “gure hurbileko gizartearekin dugun lotura estutzeko. Zentroa Lekeitiora hurbildu eta Lekeitio gure egoitzaren egunerokora”, diotenez. Hala, edozein herritarrentzat zabalik den Errehabilitazio Parkea dute; udaroko kanpalekuen bitartez gazteak eta nagusiak kontaktuan jartzen dituzten programa; fisioterapia saioak eskain-tzen dituzte -2017tik hasita 3.500 tratamendu egin dituzte-, ikastetxeetako neska-mutilen bisitak jasotzen dituzte; musika emanaldiak antolatzen dituzte... Guzti hau, gainera, lorategi botaniko eta 28 espezietako 50 hegaztiz osatutako zoo txikiaren laguntzaz, animaliek lagundutako terapiak bultzatuz.