BILBO. Berdintasunerako Saila da, futbola, rugbya eta pilota batuko dituen Gernika Hiria Emakumezkoen bigarren Txapelketaren antolatzailea eta laguntzaileak Gernika Rugby Taldea, Urdaibai Futbol Taldea eta Arkupe Pilota dira. Txapelketa honek iaz izandako arrakasta kontuan izanda, aurrera begira ohiko bihurtzeko xedea dauka.

Irati Martinez Agirrezabala Berdintasunerako Zinegotziaren hitzetan “Emakumeak kirolean duen rola azpimarratu behar da. Emakumezkoek kiroletan genero estereotipoei aurre egiten diete eta jarraitu ahal diren eredu bihurtzen dira”. Zinegotzi honek gaur aurkeztu du ekimena Urdaibai FTko Itziar Arketa eta Aline Arrutirekin batera eta Gernika Rugbyko Libe Lopez eta Ane Uriarterekin batera.

Larunbatean Urbietan egongo direnak honakoak dira: futbol eta rugby bi talde, 7 jokalari dituztenak eta 40 minututan jokatuko dutenak. Futbolari dagokionean, Urdaibai Futbol Taldearekin batera Betiko Neskak egongo dira, eta rugbyari dagokionean Gernika Rugby Taldeko “basurdeek” Durangoko Nissan Gaursa Rugby taldearekin arituko dira lehian. Hauekin batera esku pilotako txapelketan parte hartuko dutenak Arkupe Pilotako bikoteak izango dira.

Atal herritarra

Beste alde batetik, jendea emakumezkoen kirolera hurbil dadin, herritarrek parte hartzeko atala ere prestatu da. Bertan 7 jokalari dituzten taldeak edo esku pilotako bikoteak, 12 urtetik gorakoak, eman ahal izango dute izena, 10 minututako jokaldiak gauzatzeko.

Informazio gehiago gura dutenek torneoberdi@gernika-lumo.net korreo elektronikora idatzi ahal izango dute. Izena emateko epea irailaren 9an bukatuko da.

Martinez Agirrezabalaren esanetan “Ekimen hau kirol topaketa bat da eta honen bitartez, emakumeak kirolean izan behar duen lekua aldarrikatu eta berdintasuna sustatu gura ditugu. Izan ere, lehiaketa bukatu eta gero, hirugarren ekitaldi bat ere egongo da, parte hartzaileek beraien esperientziak kontatzeko, gainera, oroitzapenezko kamiseta ere oparituko zaie. Gernikak kirol azpiegitura onak dauzka eta lehenengo ailako taldeak ere, eta hauen bitartez gure herria toki erakargarri bihurtzen da emakumezkoen kirola gauzatu ahal izateko”.